“Turismoari begira lan egiten da, berton bizi garenoi begiratu beharrean”

Zazpikaleetan ohikoak ziren txikiteroak, bilbainadak eta auzotarren arteko harremanak aspaldiko kontu bihurtu dira. Ohitura horiek guztiak berreskuratzeko helburua duen proiektu bat abiatu dute Goienkale edo Somerako bizilagun eta merkatariek. Garikoitz Goikoetxea (Bilbo, 1972) horko bizilagun bat da.

Zertan datza Somera kalea biziberritzeko proiektua?

Giroa sortzea dugu helburu, betiko Zazpikaleak itzultzea, hain zuzen. Jabetu gara ohiturak eta balio tradizionalak galduz joan direla, baina ez krisiaren eraginez soilik. Auzotarren artean ere harremanak sustatu nahi ditugu, batzuk eta besteak elkarrekin aritu daitezen, eta elkar ezagutu. Merkatari eta ostalariekin harremanak estutzeari ere garrantzitsu deritzogu. Galdu egin dira lehenago bazeuden jarrera eta ohitura horiek.

Auzoaren izaera berreskuratu nahi dugu, gainera. Ez dugu gura gurea lo hiri bihurtzea. Giroari eta kultur jarduerei dagokienez, Somera, bereziki, bilbotartasunaren adierazgarri izan da, eta hori berreskuratu nahi dugu.

Egia da krisiak ere jendea kalera gutxiago ateratzea eragin duela. Dena dela, hiria bera asko aldatu da, eta Zazpikaleetako eta Euskal Herriko ohitura asko eta asko galdu egin dira, Bilbon urteetan mantendu izan diren arren.

Nortzuek osatzen duzue proiektua?

Lehenengoz, kalea berreskuratzeko egindako bi saioren ostean, guztiok jarri gara ados: bizilagunak, merkatariak eta ostalariak. Batzar batzuk egin ditugu, eta oso pozik gaude. Izan ere, oso polita da kalea suspertzearen alde guztiok batera lan egitea. Adinekoek gogoan dute zer-nolakoa zen Somera duela 20 edo 30 urte. Proiektu honekin, guztiok irabaziko dugu.

Zer gertatu da, nolabait esateko, kalearen gainbehera horretara iristeko? Krisia ez dela izan arrazoi bakarra diozue.

Hasteko, udalak hiriari berari ematen dion norabidea aipatu behar da. Kanpotik datorren jendeari begira egiten da lan. Turismoari begira, hain zuzen, berton bizi garenoi begiratu beharrean.

Horrez gain, ezin uka daiteke globalizazioaren ondorioz, herritarrek beste ohitura batzuk hartu dituztela, eta alde batera utzi dituztela betiko jarduerak; besteak beste, lagun artean baxoerdiak hartzen ibiltzea.

Gaur egun, kontsola eta telebista aurrean jarri, eta gero eta gutxiago ateratzen da kalera jendea. Krisiak ere eragina izan dezake etxean geratzeko erabaki horren inguruan.

Bestalde, modan dago erosketak egitera merkataritza gune handietara joatea, auzoko betiko dendetara joan beharrean, azken horiek, ziurrenik, bereiziagoak izan arren eta produktu hobeak eduki arren.

Herritarrak ohitura horiek galduz joan dira. Baita Olentzero ateratzea, Somera kaleko jaia ospatzea, bazkariak, jarduerak egitea ere. Hori guztia berreskuratu gura dugu. Jendeak, gainera, jarduera horien oroitzapen politak ditu, baina orain arte inor ez da lan horretan sartu.

Hainbat arrazoik eragin dute Bilboko eta Zazpikaleetako ohiturak aldatuz joatea. Orain arte, lan honetan, gauza positiboak besterik ez dugu aurkitu, eta pozik gaude.

Hori seinale ona da.

Bai, kalean jendea pozik badabil, Somerara baxoerdiak hartzera edo erosketak egitera datozenak, giro hori sumatu, eta eurak ere gustura sentituko dira.

Noiz hasi zineten beherakada hori nabaritzen, eta zelakoa izan da prozesua?

Urte asko dira. Bilbainadarik ez entzutea kalean, udalak antolatutako Olentzero soilik ateratzea Gabonetan, eta auzoetakorik ez, Someran urtero egiten zen bazkaria bertan behera uztea… Aspaldiko kontua da. Dena dela, askok dute gogoan aspaldiko Somera hura, baserritarrak etortzen zirenekoa, azoka eguna zela aprobetxatuta.

Sentimendu hori aspaldikoa izan arren, baliteke orain, krisiak bultzatuta, betiko Somera berreskuratzeko nahi hori bueltatu izana. Polita da, gainera, jendeak jardueretan parte hartu nahi izatea: “Nik magoa den bat ezagutzen dut, eta tabernetan trukoak egin ditzake”, esaten dizute, edo, “nik halako beste bat ezagutzen dut, moto talde batekoa, eta erakusketa bat antola dezakegu”. Auzotarren arteko hartu-eman horretatik hainbat eta hainbat ideia atera dira.

Jendea laguntzeko gogoz dabil, eta guztiok bide berari jarraituta, Somera izan zena berriz ere izatea lortuko dugula uste dut.

Zein jarduera edo ekitaldi egingo duzue hurrengo?

Hainbat proiektu ditugu, guztiak ere auzotarrak, ostalariak eta merkatariak elkartzeko helburuarekin garatuko ditugunak: kultur jarduerak, 1936ko gerran Zazpikaleen egoerari buruzko erakusketa, kale antzerkia, Olentzero kalera ateratzea… Somerak bizitasuna berreskura dezan nahi dugu, ez dadin asteburua pasatzera joateko leku bat izan soil-soilik.

Biharko, bestalde, merkatariek eta ostalariek euro bana jarriko dute, eta auzotar bakoitzari postontzian utziko diote, auzotar bakoitzak euro hori Somerako denda edo tabernetan gasta dezan. Hilero, bestalde, erosketaren bat egiten den bakoitzean edo taberna batean zerbait hartu, zozketa batean parte hartuko dute bezeroek.