“Lizentziak berritu beharra dago, gazteei ere aukera bat emateko”

Jose Luis Couso Abusukoa (Bilbo) da jaiotzez, baina urteak daramatza Leioan bizitzen. 81 urte ditu eta gazte-gaztetatik ibili da arrantzan. Orain dela 10-12 urte hasi zen angulak arrantzatzen, eta ezagutza nahikoa bereganatu zuenean, Butroiko Anguleruen Elkartea sortu zuen, inguruko beste hainbatekin batera.

“Betidanik ibili izan naiz arrantzan, gaztetan Algortako Portu Zaharrera joaten nintzen zapatu gauetan, itsas aingirak arrantzatzera. Niretzako aste osoan lanean ibili ostean, plazer momentua izaten zen osteratxo hura”. Bilboko Abusu auzoan jaio eta bertan bizi izan zen Couso, txikitatik bizitza angulei lotuta zuela zirudien. “Auzoan bazen La Isla izeneko eremu bat, eta bertan angula asko arrantzatzen zituzten nire gazte denboran”, gogoratu du.

Ohikoa zuen Cousok arrantzan joatea, baina, behin, lagun batekin angulak arrantzatzera joan zen Plentziara eta han Proa arrantza elkarteak zuen lokal batean, angularen arrantza araupetzearen inguruko bilera egin zuten. “Izan ere, arautu zuten arte, jende asko joaten zen Butroe ibaira, nahi zuten lekuan egiten zuten arrantza eta lizentziarik gabe”. Hori erregulatu beharra zegoela iruditzen zitzaien, ez baitzegoen inolako kontrolik. Ez zen jakiten zenbat arrantzatzen zuen jendeak, zenbat angula zegoen ibaian… Elkarteko presidenteak laguntza eskatu zion Cousori, eta horrela hasi zen angularen inguruan antolatzaile gisa lan egiten.

Tramiteak egiten, bileretan parte hartzen… Urte bi inguru eman zituen Proako presidentearekin beharrean. Orduan, aurrera jarraitzea erabaki zuen Cousok. “Lagundu zidaten horien aurrean erantzun behar nuela erabaki nuen. Hartara, Butroeko zonaldean eta Plentziako hondartzan angularen arduradun bilakatu nintzen”.

2005ean sortu zuten Butroiko Anguleruen Elkartea, helburua arrantzatzeko modu ezezagun hori gizarteratzea zuen, eta, era berean, normalizatzea. Eremuko lizentziak ofizialki tramitatzeko, Butroen arrantza mota horren garapenaz eta egoeraz berri emateko xedearekin sortu zen elkartea. Bazkideen garapen kulturala sustatzeko, eta bazkide fundatzaileen esperientziaz baliatuz, belaunaldi gazteagoei ezagutza horiek transmititu nahi zizkieten. Bestalde, Butroeko zonaldean angularen arrantzarako lizentziak ofizialki bideratzeko ardura du elkarteak.

Angularen sasoia

“Laburra izaten da arrantzarako denboraldia, urritik, martxora arte”, dio Cousok. Lizentzia ordainduta bost hilabete horietan angula arrantzatzeko eskubidea zegoen lehen. Baina Europatik araudi berria etorri zen: bi hilabete eta erdiz arrantza egiteko muga. “Angula gutxi dagoelako da hori, baina jaso dugun informazioaren arabera, hona heldu orduko, japoniarrek piloa arrantzatzen dituzte”.

Plentziako itsasotik Butroe ibaira sartzen dira angulak, bi egun behar dituzte ur gazitik ur gezara ailegatzeko. Itsasoko ura Arbinako urtegiraino heltzen da Butroe ibaian, hortik gora ura geza da. Eta angula itsasotik datorrenean, horren bila dator. Horregatik, Butroe ibaira sartzen da eta hortik igotzen da. “Guk hor egiten dugu arrantzan, Arbinako urtegira iritsi aurretik dagoen ibai zatian, ur gozoan dauden angulak bakean uzten ditugu, ezin dira arrantzatu”.

Bitxia bada ere, gauez arrantzatzen da angula. Itsasgora izan arte itxaroten dute angulazaleek. Ordu batzuk lehenago joaten dira ibaira, angulen bila. Bahearen antzeko tresna baten bidez batzen dira; makila luze bat da, puntan burdinazko sare antzeko bat duena. “Eskuargi baten argitan egoten gara, orduak eta orduak, bahea ibaian sartu eta angularik aterako ote duten esperoan”, azaldu du Cousok. “Behin eta berriz pasatu behar izaten da angulak harrapatu ahal izateko, besoa asko nekatzen da. Angulak argiak dira; ezkutatu egiten dira”.

Batutako angulekin zer egin? Saltzea debekatuta dago. Egun, jaki preziatua dira eta diru piloa ordaindu behar izaten da angulaz beteriko plater batez gozatu nahi izanez gero. Gero eta gutxiago dira Gabonetarako halakorik erosi ahal izaten duten familiak. “Lehen 20-25 kilo batzen genituen ibaian, baina orain hori ezinezkoa da askoz angula gutxiago dagoelako. Azken egunetan, esaterako, 300 gramo ekarri nituen etxera, pare bat alditan”. Asteotan baturiko angulak gordeta ditu. “Gabonetarako izaten dira, arrantzaleen familietan ohiko jakia baitira ospakizun berezietan”.

Angulazaleen lanak gogorra izaten jarraituko duen arren, jarraikortasuna bermatuta dagoela uste du Cousok: “Badaude interesa duten gazteak, hainbat jarri dira nirekin harremanetan”. Hala ere, arrantzarako lizentziak dira arazo nagusia datozen belaunaldientzat. “Gazteei ez diete lizentziarik ematen, lizentzia baduten arrantzaleak hiltzen direnean. Horietako batzuk berritu egin beharko lituzkete, nire ustez, gazteek ere angulazale izateko aurkera eduki dezaten”.