Kultur ondare batean bizitzeko aukera

Kultur ondare izendatutako baserri batean bizitzeko aukera eskaintzen dute Zeberion. Hain zuzen, XVII. mendeko etxe bat enkantean salduko du udalak. Prezioa, gaur egungo kopuruekin alderatuta, oso merkea da. Erosketak, ordea, badu bere alde txarra ere, nolabait esateko.

2003ko irailean izendatu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak Bediena Nagusia, Sutegi eta Errementari baserriak multzo monumental. Horietako bat galdu egin da jada, eta Sutegi baserriarekin ez dute gura gauza bera gertatzerik. Horregatik hartu du udalak enkantean saltzeko erabakia, berak ez baitu zaharberriitzeko dirurik.

Zeberio erreka du atzetik eraikinak, eta BI-3524 errepidea aurretik. Errepide horrek ere badu bere historia. Izan ere, errege bide bat igarotzen zen handik eta Bilbora zihoazen bide bi lotzen zituen: Urduñatik etorri eta Ugao igarotzen zuena, batetik, eta, Gasteiz, Legutio eta Areatzatik pasatzen zena, bestetik.

Sutegi, bere garaian, ez zen baserri bat, ondoan zuen Bediena Nagusia baserriaren aroztegia baizik. Bertan, haranean zehar salgaiak zeramatzaten idien eta zaldien ferrak egokitzen zituzten. Hori dela eta, ez dauka ukuilu eta biltegirako espazio handirik. Hori horrela, baserria, berez, txikia da. Katrin Izagirre udaleko arkitekto aholkulariak jakinarazi duenez, behe solairua urpetzeko arriskua dago, eta ez dute aholkatzen bizilekua han jartzerik. Janaritegi edo antzeko gisa erabili beharko luke erosten duenak. “Lehenengo solairuan, beiradun balkoi antzeko bat egiteko aukera aurreikusten da”. Bigarren solairuatxikiagoa da.

Aldaketak oinarrietan

Udalak berak, ordea, oinarri zorrotzak ezarri zituen baserria erosten zuenarentzat. Besteak beste, enkantean eraikina eskuratzen duena ez da bihurtuko baserriaren jabe harik eta eraberritze obrak egin arte. “Bankuekin arazoak sortzen ditu neurri horrek”, adierazi du. “Izan ere, etxea ezin dute berme bezala aurkeztu erosleek, obra egin arte ez delako eurena”. Eta, bankuek, noski, berme hori eskatzen zuten.

Beraz, urtarrila aldera aldaketak egiteko asmoa iragarri du Katrin Izagirrek. “Bitarte horretan kargu egin nahi duen norbait agertuko balitz, ondo. Baina, orain arte aurkeztu direnek, atzera bota behar izan dute euren eskaintza”. Baserria eskuratzeko oinarriak aldatuta ere inor ez balitz aurkeztuko, “udalak berak hartuko luke Sutegi baserriaren ardura bere gain. Inori etxeak ondo mantentzeko eskatu eta udalak ezin dezake beste erabakirik hartu kasu honetan”, iritzi dio arkitekto aholkulariak.

Izan ere, eraikina oso egoera txarrean dago eta ez jaustea da udalaren premia. Bide batez, herritarren batentzako etxebizitza bat eskuratzeko aukera eskaintzen dute. “Prezio onean, gainera”, Izagirreren arabera, kontuan hartuta lurzorua doan aterako litzaiokeela erosleari. “Alde ona eta txarra dauzka, ordea. Bankuen aldetik mailegua lortzeko zailtasun horiek ere badaude eta”.

Hiriguneari dagokion zoruan eraikita dagoen etxea izanik, berez, bi etxebizitza eraikitzeko aukera izango luke erosten duenak. Hala ere, Katrin Izagirrek azaldu duenez, “dituen neurriengatik, txikia delako, ez da erraza handik etxebizitza bat baino gehiago ateratzea”. Etxea erosten duenak, obra egiten duenean, zenbait ezaugarri mantendu beharko ditu. Hain zuzen, udaleko oinarrietan jasota dagoen eran, “Sutegi baserria Euskal Kultur Ondarearen Inbentario Orokorrean dago sartuta. Hori dela eta, lanak eta obrak Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak ezarritako irizpideei egokituta egin beharko dira”. Enkantearen hasierako prezioa, 689,29 eurokoa da.