“Euskaldunok eta guk herri izaera ezin aldarrikatzearen sentipena dugu elkarrekin”

Tio Manuel gisa ezagunagoa da Manuel Bizarraga (Bilbo, 1945), Kale Dor Kayiko ijito elkarteko presidentea. “Pozik” daudela dio, egiten dutena Durangoko azokan erakutsi eta partekatzeko aukera dutelako.

Zer esan nahi du zuentzat aurtengo Durangoko Liburu eta Disko Azokaren kultura gonbidatua izateak?

Gonbidapena pozez eta ilusioz hartu dugu. Ezusteko atsegina izan da. Alabaina, uste dut pena dela aurretik gure kulturari erreparatu ez izana. Izan ere, gu euskal herritarrak gara, hemen jaioak gehienak. Inoiz ez da berandu, ordea, eta guretzat ohorea da aurten parte hartzea. Euskaldunengana hurbiltzeko aukera polita dela uste dut.

Beste zerbaitetarako baliatu nahi al duzue aukera hau?

Erakutsi nahi dugu ez dagoela alde handirik ijitoon eta gainerakoen artean. Oro har, jendeak oso gutxi daki guri buruz, eta ezagutzen dena guztiz estereotipatua dago. Estereotipo horiek hautsi, eta batzen gaituena partekatu nahi dugu. Lapur, zikin eta alfer gisa definitzen gaituzte maiz, eta lan egin behar dugu, guztion artean, estereotipo horiek amaitzeko. Ezjakintasunak min handia egiten du. Elkar ezagutuz, hitz eginez eta errespetua landuz, elkarbizitza posible da. Guk diogun legez, elkar onartu, ezagutu eta errespetatu behar dugu.

Zer eskeiniko duzue Durangon? Zein ekarpen egingo diozue azokari?

Material didaktikoak prestatu ditugu: ijito herriaren inguruko komiki bat, Calo hiztegia, errezeta liburua, umeentzako ipuinak, margotzeko liburuak… Hitzaldiak ere egongo dira. Bestalde, flamenkoa, bertsolaritza eta txalaparta uztartuz Flamen-ko 3.0 kontzertua egongo da Plateruenan. Emanaldi polita izango da.

Merkatu Plazako Euskal Dendan ere egongo zarete.

Bai, hala da, Euskal Herriko Eskulangintzaren Azokan ere izango dugu gure txokoa. Bertan, mahai zapiak, amantalak, gure birramonek eramaten zituzten jantziak… jarriko ditugu erakusgai, baita zumezko otzarak eta zurezko makilak ere. Gainera, kafe erakustaldia eta dastatzea egingo dute. Aspaldi emakumeek kafea nola egiten zuten erakutsiko dute. Pozik gaude egiten duguna erakutsi eta partekatuko dugulako.

Baten batek pentsatuko du zuen kulturak eta euskal kulturak ez dutela zerikusirik. Antzekotasunik ba al dute?

Askok uste duten baino gehiago, seguruenik. Guk ere bakigu zer den jazarpena. Hizkuntza debekatu ziguten, baita gure janzkera ere, pentsa. Gurea izan den zerbait galdu izanaren sentimendu hori badugu, eta guretzat garrantzitsua da galdutakoa berreskuratzea. Herri gisa dugun nortasuna ezin aldarrikatzearen sentimendua dugu elkarrekin. Bestalde, euskaldunek bezala, emakumea izan da gure familien oinarri. Gure kultura matriarkatua da, batzuk ulertu ez arren.

Eta euskarak eta romanesak?

Biak dira hizkuntza gutxituak, mila urtetik gorako ibilbidea dute, eta bien kasuan jatorria ez dago argi. Euskara bezala, Francok, romanesa eta erromintxela debekatu zizkigun. Erromintxela ijitoak Euskal Herrira iristean sortu zen. Euskararen eta romanesaren fusioa da. Hemengo ijitoek dozenaka urtean hitz egin izan dute erromintxelaz; Bermeon eta Ondarroan, esaterako. Tamalez, egun oso gutxi dira erromintxelaz mintzo direnak.

Zuen kultura eta hizkuntza Kale Dor Kayiko elkartearen sustraia dira. Noiz eta nola sortu zen elkartea?

1980ko hamarkadan sortu genuen. 1983. urteko abuztuko uholdeetan, nire lehengusu batekin Garellanora joan nintzen. Bertan zeuden ijito familiak bizi-baldintza latzetan zeudela ikusteak zer pentsatua eman zidan. Hura ikusteak bultzatu ninduen zerbait egitera, mugitzera. Pentsatu nuen ez nuela gura errealitate hura nire seme-alabentzat eta ondorengoentzat. Eta konturatu nintzen ijitook gure bizimoduan zerbait aldatu beharra genuela; gure nortasuna, kultura aldatu gabe, baina aldaketa bat ezinbestekoa genuela. Orduan, batez ere, heziketak duen garrantziaz jabetu ginen.

Beharrizan hori ikusita, zer egin zenuten?

Lehendabiziko urteetan, hemengo irakasle batekin ikastetxeetan hitzaldiak eta ikastaroak ematen ibili ginen. Alde batetik, ume euskaldunek gu ezagutzeko, eta, bestalde, ume ijitoek egunero eskolara joan behar zutela ikasteko. Beren egunerokoan duten zeregin baten moduan ikus zezaten. Orain, ume horietako batzuek elkartean lan egiten dute; ikasketak dituzte, umetan hezkuntzaren garrantziaz jabetu zirelako. Hori ikustea pozgarria da niretzat. Egun, ume ijitoen %96 eskolatuta dago; nire garaian pentsaezina zen.

Gaur egun, zertan jarduten duzue?

Hezkuntzaz gain, gizarteko hainbat alor jorratzen ditugu: osasuna, berdintasuna, lana, etxebizitza… Esaterako, lana topatzen laguntzen dugu, lan munduaren inguruko aholkularitza eskeiniz. Elkartearen barruan, Sim Romi elkartea sortu zuten emakumeek, eta bertan hainbat jarduera egiten dituzte: osasunari buruzko hitzaldiak, irteera kulturalak… Gazteentzako proiektuak ere baditugu. Gure asmoa ez da zer egin behar duten esatea, behar dutenean laguntzea baizik.

Urtean zehar ekintza ugari egiten dituzue, baina ba al duzue ospakizun egunik?

Apirilaren 8a Ijito Herriaren Nazioarteko Eguna da. Egun horretan, Errekako Zeremonia egiten dugu. Europa osoko ijitook erreken inguruan batzen gara, kandelaz inguratuta, eta errekara loreak botatzen ditugu. Gure arbasoak omentzeko eta gure herri nortasuna onartzea aldarrikatzeko errituala da. Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan,azaroaren 16a Ijito Eguna da.