Emakumeen lanaren erakusleihoa

Emakumeak, hitza eta bizitza. Hala du izena datorren urtarrilaren 10era bitartean Bilboko Ondare aretoan ikusgai egongo den erakusketak. Emakume Abertzale Batza taldearen 90. urteurrenaren harira antolatu dute.

Baina zer da Emakume Abertzale Batza? 1922. urtean sortu zuten Bilbon, eta Eusko Alderdi Jeltzaleko emakumeen elkartea izan zen. Asier Madarieta Bizkaiko foru museoen kudeaketarako erakundearen arduradunak azaldu eran, taldearen sorreran eragin handia izan zuen Irlandako talde batek, Cumann na mBan (Emakumeen Liga) deituak. “Irlandatik Ambrosio Martin O’Daly politikaria hitzaldia egitera etorri zen Bilbora, eta Irlandako emakumeen egoera azaldu zuen. Horixe hartzen da EAB sortzeko puntu gisa. Elkarte horren gainean aipatutakoak, piztu zuen Euskal Herrian EAB sortzeko asmoa”.

Denetariko emakumez osaturiko taldea zen EAB. Gehienak EAJko kideak ziren, baina alderdiko kideak eta egitura bera ere nahiko heterogeneoa ziren. Madarietak dioenez, bazeuden emakume aberatsak, eta baita diru askorik ez zutenak ere. Adinari dagokionez, “mitinetan eta irakaskuntzan ibiltzen zirenak 20 eta 30 urte artekoak ziren arren, 40 urtetik gorako emakumeak ere bazeuden”.

“Erantzun modura sortu zen EAB”. 1922an jaio zen, baina gero, Primo de Riveraren diktadurarekin erakundea galarazita geratu zen. 1930eko hamarkadan, Errepublika garaian, berpiztu egin zen. Garai hartan, emakumeek boto eskubidea lortu zuten; Madarietak esan bezala, nolabait emakumea “plazara” ateratzen da. “Nahiz eta EAJren barruan mugitu, eta euren lana nahiko mugatua izan, emakumeek argi jokatu zutela ikusi izan dugu”. EABko emakumeek horretaz konturatuta zirrikitu horiek aprobetxatu zituzten; hartara, euskal emakume abertzaleak plazaratzea lortzeko eta aukera bat emateko. Irakaskuntzan, batez ere. “Garrantzi handia zuen euren soldatak izatea, gero horrek beste ahalmen batzuk ematen zizkielako, baita beste hainbat esparrutan protagonismoa hartzea ere, literaturan eta mitinetan, esaterako”. EABk gizarte ekintzan, irakaskuntzan eta politikagintzan egin zuen lan. Betiere helburua andreak euskal abertzaletasunera erakarri eta ikuspuntu horretatik lan egitea izanik.

Hego Euskal Herrian 1937ra arte egon zen aktibo taldea, gerra amaitu zen arte. Gero, erbestera alde egin zuten kideetako askok, eta erbestean eta Ipar Euskal Herrian egon ziren, eta taldearen lanari eutsi. Hegoaldetik joandako umeentzako koloniak sortu zituzten: Donibane Garazin, esaterako. Ipar Euskal Herrian mantentzen da irakaskuntza eta gizarte ekintza, Hegoaldean preso zeudenentzako dirua lortzen, eta abar. Garai hartan, EABk oraindik egitura batzuk mantentzen zituen. Debekua zela eta, beste batzuk desegin egin zituzten.

Emakume askok Ameriketara alde egin zuten. 1980ko hamarkadan, oraindik Venezuelan, Argentinan eta Caracasen, esaterako, mantentzen zituzten EABko egiturak. Hala ere, kulturgintza, gizarte ekintza, irakaskuntza —Euskal Etxeetan euskara eskolak ematen— esparruetan mugitzen ziren, batez ere. Madarietaren esanetan, ez da erraza taldearen lana noiz bukatu zen zehaztea, “gai zalantzazkoa da hori, berez desagertuz joan zen”.

Egindako lanaren testigantza

Erakusketan emakume horien lana islatzen dela dio Madarietak. Argazkiak, agiriak, EABk erabiltzen zituen banderak… Hiru gunetan banatuta dagoela azaldu du. Lehenengoan, idatzi zein bideo bitartez, EABren ikuspegi orokor bat eta kide batzuen testigantzak jaso dituzte. Bigarrenean, lan politikoa eta hezkuntzan egindako lana azaltzen dute. Eta hirugarrenean, azkenik, erresistentzia eta erbesteratzea.

“Guztia da ikusgarria”. Baina, zer edo zer nabarmentzearren, gutun bat aukeratu du Madarietak. Luis Alava espioitza sarea Francoren garaiko erresistentzia sarea zen, eta bertan EABko hiru emakume zeuden sartuta: Teresa Verdes, Itziar Mujika eta Bittori Etxebarria. Hirurak espetxean zeuden, Luis Alavari ezarritako heriotza zigorraren berri eduki zutenean. Orduan, eskutitz bat idatzi zioten, fusilatuko zutela zekitela eta euren laguntasuna eta eskerrak emanez harekin egin zuten lanagatik. “Hunkigarria eta adierazgarria da oso. Karta horren zati bat dago ikusgai erakusketan, originala”.

‘EMAKUMEAK, HITZA ETA BIZITZA’ ERAKUSKETA

Non. Bilboko Ondare aretoan.

Noiz. Urtarrilaren 10 arte.