Bigarren saioa bi hamarkadatan

Borroka luzea da Usansoloko bizilagunena. Duela bi hamarkada hasi zuten segregazioaren aldeko mugimendua. Bien bitartean, Bizkaiko udalerrien zerrenda zelan hazi den ikusi dute. 1990ean Iurreta Durangotik banatu zen, 1991n Ajangiz Gernika-Lumotik eta 2004an Ziortza-Bolibar Markina-Xemeinetik. Euren txanda, ordea, ez zaie inoiz iristen.

1980. hamarkada bukaeran hasi zuten bidea. Herri galdeketa bat egin zuten, eta Usansoloko bizilagunen %85 Galdakaotik bereiztearen alde agertu zen. Herri burujabea nahi zuten eta ez zeuden pozik Galdakaoko Udalak eskaintzen zieten arretarekin. Hala ere, desanexioa babesteko arrazoi nagusia, lehen eta orain, usansolotarrek duten herri kontzientzia izan da.

Galdakaoko Udalean osoko bilkura egin zuten 1988ko otsailaren 25ean. Usansolo herri gisa bideragarri izango zitekeen jakiteko ikerketa sozioekonomikoa egin zezala eskatu zioten Bizkaiko Foru Aldundiari. Foru aldundiak Hiri-Lur aholkularitza enpresari agindu zion lana, eta emaitza argigarria izan zen: Usansolo bideragarria zen herri independente gisa. Hala, udalak kudeaketa batzordea sortzea erabaki zuen. Batzorde hark Usansoloren mugak, jarduera ekonomikoa, zerbitzu publikoak, ondarea eta herritarrak zein ziren finkatu behar zituen. 1991ko urtarrilean batzordeak eta udalak bilera egin zuten, Galdakaoren eta Usansoloren mugak zein izango ziren zehazteko, eta hala egin zuten. Prozesua ia bukaeraraino iritsi zen. Foru aldundiaren eta alderdi politiko guztien bedeinkapena zuen.

Baina EAJk, bat batean, beste ikerketa bat aurkeztu zuen, proiektua ez zela bideragarria zioena. Galdakaoko Udaleko teknikariek egindakoa zen. Hala bukatu zen lehen saiakera hura.

Duela urte eta erdi, bigarren ahalegin bat egitea erabaki zuten Usansoloko bizilagunek. Horretarako, Usansolo Herria plataforma sortu zuten. 2012ko udal hauteskundeetara aurkeztu ziren, eta erabateko arrakasta lortu zuten. Usansolori, biztanleria kopuruagatik, bi zinegotzi dagozkio Galdakaoko Udalean, eta biak plataformako ordezkariak dira. Ikusteke dago, ordea, inoiz Usansoloko udalik izango den eta hura osatuko duten hautetsiak aukeratzerik izango duten.