Behar ezezagunaren onarpena

Eneko Barrutiak, Iñaki Esparzak, Juan Rekaldek eta Iñaki Sarriugartek Jose Antonio Uriarteren Marijaren illa lanaren edizio kritikoa atondu dute, eta Mendebalde Kultur Elkarteak argitaratu berri du. Astelehenean egin zuten jendaurreko aurkezpena, Uriarteren jaioterrian, Arrigorriagan. Bide batez, abenduaren 21era arte udaletxeko erakusketa aretoan ikusgai egongo den erakusketa inauguratu zuten.

“Beti izan dugu zor handi bat Uriarterekin”, aitortu du Iñaki Esparza historialariak. Jose Antonio Uriartek (Arrigorriaga, 1812 – Zarautz, Gipuzkoa, 1869) abade, itzultzaile eta idazleak euskararen alde behar handia egin zuela dio, baina oso ezezaguna dela. “Heriotzaren mendeurrenean Euskaltzaindia bera ere ez zen harekin gogoratu”, dio Esparzak. Biblia osa gipuzkerara itzuli zuen lehenengoa izan zen, eta Bizkaiko lehen antologia poetikoa ere berak idatzi zuen. Uriarte, gainera, Bizkaiko Batzar Nagusietako itzultzailea izan zen. “Louis Lucien Bonaparte printzeak euskalkien mapa egin zuenean, Uriartek osatu zuen bizkaierari zegokion zatia. Bonaparte eta bien artean 200 eskutitz bidali zizkioten elkarri. Haren kutuna izan zen Hego Euskal Herrian”.

Zoritxarrez, baina, Uriarteren behar gehienak argitaratu gabe geratu ziren. Hala eta guztiz ere, kaleratu zituen eliza liburu batzuk. Besteak beste, Marijaren illa delako hau (Mariaren hila, euskara batuan idatzita). “Antzina, Maiatz lorak egiten ziren. Maiatzeko egun guztietan elizetan egiten ziren predikazioak izaten ziren. Halakoak jaso zituen Uriarte liburu hartan. Oso arrakastatsua izan zen”, azaldu du. 1850ean argitaratu zen lehenengoz Bilbon; 1885ean bigarrenez, behin Uriarte hilda zegoela. Juan Rekalde filologoak bi edizio haiek alderatu ditu. Iñaki Sarriugarte filologoak Uriarteren poesiaz esandako okerrak zuzendu ditu. “Adibidez, eskasa zelan esan ohi izan da. Baina Sarriugartek frogatu du harenak direla esan izan den poema asko, beste batzuenak direla. Beraz, ezin esan txarra zenik, besteen lanak epaituta”. Eneko Barrutiak, berriz, Uriartek Batzar Nagusietan egin zuen itzultzaile lana aztertu du. Esparzak berak, azkenik, biografia osatu du. Lau atalokin eratu dute liburua. Kabitu ez zaien informazioarekin antolatu dute erakusketa.

“Uriarte eta bera bizi izan zen testuinguru historikoa hartu ditugu ardatz”, dio Esparzak. Adibidez, 1812an jaio zenez, Cadizeko konstituzioari erreparatu diote, eta lege nagusi haren aurka zeuden bizkaitarrek idatzitako poemak bildu dituzte. Garai hartan agertu ziren lehen baso mutil edo gerrillariak ere.

Uriartek Bilboko frantziskotarren eskolan ikasi zuen. Lehen Gerra Karlista hasi zenean itxi zuten eskola, eta azken ikasleetakoa izan zen. Eusebio Maria Azkue izan zuen ikaskide. Uriartek kutsatu zion euskaltzaletasuna. Eta Azkuek bere seme Resurreccion Mariari, gerora lehen euskaltzainburu izango zenari.

“Uriarte birritan egon zen Londresen, Bonaparte printzearengana joanda”, gogoratu du Esparzak. Han zegoela, British Museumen Mikoletaren XVII. mendeko eskuizkribua aurkitu zuen, Bilboko euskaran idatzia. “Uriarte hil ostetxoan bukatu zen Napoleon III.aren inperioa, eta Bonaparte printzea dirurik gabe geratu zen euskararen inguruan ikertzen jarraitzeko. Berehala etorri zen Bigarren Gerra Karlista eta euskararen gainbehera”.

Uriartek Ezkerralde euskalduna ezagutu zuen. “Barakaldon izan zela zioen, Landaburun, San Bizenten, leku askotan, eta euskaraz berba egiten zuela hangoekin. Zorrotzan, Abandon, Abusu aldean, Arrigorriagan, Arrankudiagan, Laudion, Okondon… euskararen mugak markatu zituen”.