Bakiok bost milioi euroko erreskatea eskatuko duela salatu du Bilduk

Bakioko Udalak bost milioi euroko erreskate plana onartuko du gaur. Hala salatu du udalerriko Bilduk. Ez ohiko bilkura deitu du gaurko alkateak, 08:30erako. Ordu hori jarri izana salatu dute, bilkurak 19:00etan egitea adostuta dagoelako.

Bilduk prentsa ohar batean azaldu duenez, udal taldeak onartu nahi duen “eta foru aldundiak txosten lotesle baten bitartez balioztatu beharko duen aurrekontuen egokitze plana, arau subsidiarioek jasotzen duten eta gaur egun geldirik dauden zenbait proiektu urbanistikotatik jasotzea aurreikusten duen dirusarrera batzuetan oinarritzen da”. Besteak beste, proiektuon artean Ohija plana dagoela ekarri dute gogora. Herritarrek, golf zelai bat ere aurreikusten duen plan horren aurkako jarrera agertu dutela azaldu dute prentsa oharrean.

Udal gobernuak gaur EAJren botoekin onartuko duen egokitze plana errefusatzen duela azaldu du Bilduk, “irreala eta fikziozkoa” dela iritzita. “Udaleko idazkariak berak ere zalantzan jarri du zazpi milioi eurotik gorako sarrerak izan ahal izango dituztela”, adierazi dute.

Bilduren ustez, “EAJk Bakioko egoera ekonomikoa salbatu nahi du berau hondoratu duen formula berarekin”. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiari dei egin dio koalizioak udalerrien egoera ekonomikoa biziberritzeko aurkeztutako formula azter dezan.