“Aurrekontu soziala” proposatu dio Bilduk PSEri

Datozen asteetan erabakiko dute Batzar Nagusiek datorren urterako Bizkaiko aurrekontua zer-nolakoa izango den. Bizkaiko Foru Aldundiak plazaratu du dagoeneko bere proposamena, eta Bilduk ez du begi onez ikusi. “Iraganeko politikei eusten” diela deritzo, eta, horren aurka ekiteko, “elkarlanerako deia” egin diete “PSEri eta ezkerreko alderdi eta eragile guztiei”. “Aurrekontu soziala” osatzeko elkarlana eskaini dio talde sozialistari. Hala iragarri zuen joan den martitzenean Irune Soto Bilduk Batzar Nagusietan daukan bozeramaileak, koalizioko beste hainbat ordezkarik lagunduta egindako agerraldian.

“Aurrekontu hauek gure burua ezkerrekotzat dugun guztion kontrako jarrera eskatzen dute, eta gizarte eskubideak babestu nahi ditugun guztion kontrako boza merezi dute”, azaldu du Sotok. Hori dela eta, proposamen horri “alternatiba bat” aurkezteko dei egin du. Alternatiba horrek “pertsonen alde lan egiten duten eragileek, gizarte mugimenduek eta sindikatuek egindako ekarpenak” jasoko lituzke.

Hain zuzen ere, iragarri duenez, “gizarte beharrei erantzuten ez dieten aurrekontu hauek geldiarazteko” ahal duten guztia egingo dute. Izan ere, koalizioaren iritziz, “gizartearen egiazko beharrei erantzutetik oso urrun dagoen aurrekontu proposamena” egin dute beste behin. “Ez da gauza berria”. Haren ustez, “politika eredu horrek ekarri gaitu gaur bizi dugun egoerara”.

Jose Luis Bilbaoren taldeak “Bizkaia zorpetzera eraman duen eta gizarte babesik gabe utzi duen eredua garatzen” jarraitu nahi duela deritzo Bilduk. Hala, Sotok adierazi zuenez, “udalentzako diru partida gutxiago bideratuko du”. Udalak dira, ordea, koalizioaren esanetan, “herritarrei gertueneko zerbitzuak ematen dizkietenak”. Hori dela eta, udalak dira, haien iritziz, “EAJren kudeaketa bidegabea eta krisi egoera gehien pairatzen duten erakundeak”.

Foru aldundiaren aurrekontu proiektua onartuz gero, “etorkizun iluna” iragarri du Sotok. Izan ere, irizten dio, “pertsonak amildegiaren ertzean utziko dituen ereduak” egingo duela aurrera. Eta baieztapen horiek egiteko arrazoiak ere eman ditu. Besteak beste, gizarte politikak jarri ditu adibide: “Lehenengo mailako menpekotasun egoeran dauden pertsonek ez dute laguntzarik jasoko 2013tik aurrera. Bilbaok Madrileko Gobernuaren murrizketak ipini ditu aitzakia gisa, baina bere borondate falta da agerian gelditu dena, beste foru erakunde batzuek laguntza hori euren gain hartuko baitute”.

Gizarte beharrizanak “handituz” doazela eta, “egoerari aurre egiteko neurri ausartak ezinbestekoak” direla deritzo Bilduk. Hori dela eta, “beharrizan sozialen aurrean, aurrekontu sozialak” behar direla ondorioztatu du koalizioak.