Artelanak artisten eskutik ezagutzeko aukera Bilbao Arten

Hainbat artistak urte osoan egindako lanen erakusketa bertatik bertara eta egileekin eurekin ikusteko aukera eskainiko du Bilbao Arte fundazioak. Datorren astelehenean hasi eta ostiralera bitartean, 23 artista izango dira fundazioak prestatutako ate irekien jardunaldien baitan euren lanen berri ematen bisitariei.

Hala ere, artistak gidari lanetan izan gabe, ate irekien jardunaldiak hasita daude jada. Joan den asteazkenean eman zieten hasiera eta, gaurkoa barne, beste sei egunetan izango dituzte zabalik: gaur eta abenduaren 10, 11, 12, 13 eta 14an, 17:30etik 20:30era bitartean.

Artistekin lanak ikusteko aukera 19:00etatik aurrera izango da. Egutegia prestatu dute egun bakoitzean zein artistaren bisita izango den azaltzeko, izan ere, denak ez dira egunero egongo.

Urte oso bateko lana utziko dute agerian jardunaldi horien bitartez. Fundazioak banatu dituen beken bitartez 30 artista inguruk egindako lanen erakusketa da.

Bertako artistek egindako lanak, Bregenz herriarekin (Austria) egindako truke programaren bitartez burututako obrak eta Viana Fundazioaren hitzarmenaren bitartez egindako lanak dira ikus daitezkeenak.