Zubiek lotutako hiriari begira

Bilbo itsasadarraren hiria da. Hark banatzen du ezker eta eskumako ibarretan. Baina, aldi berean, bilbotarren batasunaren ikur ere bada. Eta, horretan, ezinbesteko garrantzia dute zubiek. Hori dela eta, BilboHistorikok Bilbo Zubiz Zubi egitasmoa jarri du martxan, azpiegitura horien garrantzia azpimarratzeko. Lau erakusketa elkartu, eta hitzaldi sorta bat antolatu du.

Erakusketak Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoan, Bilboko Berreginen Museoan, BilboHistorikoren ExpoGelan eta Bilboko Euskal Museoan daude ikusgai. Lau horiek bisitatzeko, Museoz-museo izeneko bonua atera dute; bakarrarekin laurak ikus daitezke. 10 euro balio du. Erretiratuek, langabeek eta 12 urte arteko umeek 6 euro ordainduko dituzte.

Bilboko Itsasadarreko Itsas Museoan Zubien Aretoa ireki berri dute. 2001etik, Bilboko Goi Ingeniaritza Eskola Tektnikoak izozki zotzez egindako zubien lehiaketa antolatzen du. Ordutik irabazle izan direnak daude ikusgai aretoan, baita Bizkaiko Zubiaren munduko maketarik handiena ere. Kanpoko aldean, gainera, Herbehereetako Mercedes belaontzia dago, bisitan etorrita. Hura ere ikus daiteke bonu horrekin.

Berreginen Museoan, Jaime Laita del Barco eskulangile bilbotarraren lana dago ikusgai. 1700. urtetik gaur egun arte Bilbok izan dituen hemeretzi zubien maketak egin ditu, baita Portugaleteko Bizkaiko Zubiarena ere. Bide batez, Berreginen Museoan dagoen erakusketa iraunkorra ikusteko balia daiteke sarrera.Vaticanoko Museoan, Louvren eta Britainiar Museoan dauden Antzinateko artelan garrantzitsuenen kopia zehatzak dituzte ikusgai.

Unamuno plazako Euskal Museoan Bilboko Kontsulatuaren aretoa bisitatu daiteke. Kontsulatua San Anton zubiaren ondoan egon zen, udaletxe zaharrari lotuta, eta 1511tik aurrera hiribilduaren merkataritza zuzendu zuen. BilboHistorikoren ExpoGelan, azkenik, itsasadarreko zubi guztien argazkiak bildu dituen erakusketa antolatu dute.

Ibilbidea eta hitzaldiak

BilboHistorikok ibilbide bat ere antolatu du. Bonua erosten duen edonori mapa bat ematen diote. Itsasadarraren bi ibarrak lotzen dituzten zubi guztiak ageri dira bertan, azalpen eta guzti. Horiek guztiak ezagutzeko ibilbidea marrazten du mapa horrek. Egiteko erraza da, eta bakarrik zein kuadrillan egin daiteke; oinez zein garraio publikoa erabilita.

Gainera, herritarrek ere erakusketa aberasteko aukera izango dute, ibilbide horretan aterako dituzten argazki eta bideoekin. expogela@bilbaohistoriko.org helbide elektronikora bidaliz gero, Expogela.org atarian jarriko dituzte ikusgai.

Datozen asteetarako lau hitzaldi antolatu ditu BilboHistorikok. Zazpikaleetako La Bolsa jauregian izango dira, 19:00etan. Azaroaren 28an, Bizkaiko Zubiaz hitz egingo dute Javier Goitia ingeniari eta geografoak eta Juan Carlos Cardenal azpiegituraren zaharberritze beharrez arduratu den arkitektoak. Abenduaren 12an, Bilboko hiri garapena bere zubien bitartez hitzaldia egingo du Jose Ignacio Salzar arkitektoak. Urtarrilaren 9an, Zubiak Bilboko Hiribilduaren historian izango du hizpide Maria Jesus Cava Deustuko Unibertsitateko Historia Garaikideko irakasleak. Urtarrilaren 16an, azkenik, Pertsonen arteko zubiak eraikitzen hitzaldia egingo du Nati de la Puerta Historiako doktoreak.

‘BILBO ZUBIZ ZUBI’

Zer. Erakusketa eta hitzaldiak.

Non. Itsas Museoan, Berreginen Museoan, Euskal Museoan, ExpoGelan eta La Bolsan.