Urregorrizko hitz bazterrak

Johannesburgo hiri berezia da. Bere historiako kapituluak orrialde lakarrez daude beteak, eta horrek eragin zuzena dauka berezitasun horretan. Ahaztu behar ez dugun Apartheid-aren ondorioa da, adibidez, gizarte-mailen arteko alde lotsagarria: %17 zuria auzune aberatsetan bizi da eta horren ifrentzua den %73 beltza barride zuhirinduetan; %14ak ez du inolako estolderia sistemarik eta ehunetik hemeretzik ez dute ur edangarria edaterik.

Afrika izanik, geure kontzientzia alienatuek geure baitari “txarrago egon litezke” esatera garamatzate. Tristeena ez da hori; tristeena da datuok dituen hiri bat Hirigune Global-en zerrendan egotea. Britainia Handiko Loughborough-eko unibertsitateak darabilen kontzeptua da hori eta barne hartzen ditu mundu mailako itzal handiko hiriak, eragingarriak direnak ez bakarrik arlo ekonomikoan baizik eta politika eta kultura arloan ere. Zerrenda horretan daude, besteak beste, Londres, New York, Paris, Tokio… eta Johannesburgo; no comments. JBurg-ek, bertako anglofonoek dioten bezala, beste berezitasun deigarri bat dauka: elite ekonomikoa kanpoaldean dagoela eta behe-auzoak erdialdean. Zentroa errebaletan eta aldiriak bihotzean. Muin dira bazterrak JBurg-en (zentzu batean behintzat).

Euskal Herrian, linguistikoki, egoera ohikoagoa da; ez da Johannesburgoko demografiarekin gertatzen dena gertatzen. Euskal Herrian, linguistikoki, aldiriak aldiri dira eta muinak muin. Erdarak dira nagusi eta erdigunetik mututzen dituzte euskararen doinuak, euskararen hitz bazterrak. Eta astelehenean Euskararen Nazioarteko Eguna izanda, inoiz baino ozenago egin behar dugu gogoeta orain. Bai, gogoeta diot, eta ez garrasi: geure baitara zuzendutako oihua behar delako gaur. Hitz bazterrak geure muinerantz. Kontseilua Bai Euskarari-tik Euskaraz Bai-ra igaro zen moduan, geuk ere badugu jarrera hori egunerokotasunean hartzeko betebeharra, euskaldun gisa. Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeak, abenduaren 3aren harira, 2003an zera idatzi zuen: “Euskaltzaleok, euskaldun naiz erdaldun, zer egina eta zer esana badugu euskararen normalizazio-prozesuan, zalantzarik gabe”. Funtsezkoa iruditu zitzaidan bezala Kontseiluaren lelo aldaketa, oinarrizkoa jotzen dut Batzordearen hausnarketa. Artikulu berean hurrengoa ere zioen Batzordeak: “Lehen kanpotik hain gaitzetsia eta bertakoek hain utzia. Oraindik indartu behar dugu gehiago euskara. Oraindik ez diogu uzteari utzi”.

Egin dezagun euskaraz. Egin dezagun euskaraz beti! Bihur dezagun aldiria muin eta bazterra funts! Bilakatu dezagun euskara JBurg linguistikoa. Eta orduan, agian, ohartuko gara euskara ere badela Igoli: zulutarrek Johannesburgo izendatzeko darabilten hitza, esangura dirdiratsuduna inondik ere: urregorrizko gunea.