Karrantzan orain alkate Palacio da, Martin kargurik gabe laga ostean

Iragarrita zegoen bezala, Karrantza Zabala eta Bildu koalizioak elkarrekin adostu eta mozio bat bozkatu zuten joan den eguaztenean, eta, aurrerantzean, Raul Palacio —Karrantza Zabala taldekoa— izango da alkate berria. EAJko Jose Maria Martinek zuen orain arte kargu hori, baina, oposizioak EAJren taldeak baino zinegotzi bat gehiago izanik, mozioa aurrera atera zen.

Oposizioko alderdiek alkateari “dekretu bidez” jardutea leporatu diote. Horrez gain, mozioa aurkeztu zuten egunean azaldu zuten udalak egindako “oso kudeaketa txarraren” adibiderik argiena Karrantzako minda planta dela.

EAJk, berriz, Karrantza Zabala alderdiaren “botere nahia” salatu du. Nahi hori herriaren “interes orokorraren gainetik” jartzea leporatu dio, eta Jose Maria Martin Iparragirre alkate jeltzaleari babesa agertu dio. Minda plantaren aurka egin dizkieten salaketei dagokienez, Karrantza Zabalak “proiektu gakoen aurka darabilen politika ezkutatzeko kezko hezi bat” baino ez direla deritzo EAJk.

Bilduk, bestalde, ezeztatu egin du komunikabideetan Karrantzako euren zinegotziari buruz agertutako informazioa. Zabaldutako zurrumurruen arabera, Bilduk baimena kendu behar zion EAJren aurkako zentsura mozioa babestu duen zinegotziari. Bilduk Karrantzan duen zinegotziak “koalizioaren babes osoa” duela adierazi dute. Hango Bilduren erabakiak herrialdean bultzatu diren egitasmoekin koherenteak direla diote.