Ehun tona elikagai biltzeko erronka gaur eta bihar

Bizkaiko Elikagaien Bankuak 3.061 tona elikagai banatu zituen iaz, 2010ean baino %18 gehiago. Orain lau urte, 17.000 bizkaitarri lagundu zieten, eta, gaur egun, 28.000ri lagundu diete. Krisia gero eta latzagoa da, eta gero eta elikagai gehiago behar dituzte jasotzen dituzten eskaerei erantzuteko. Adierazi dute eurengana jotzen duten etorkinen kopuruak ez duela gorakadarik izan; beraz, igoera ustez egonkortuta zeuden familietatik iritsi zaie. Hala, horri aurre egiteko epe laburrean ehun tona biltzeko erronka jarri dute.

Gaur eta bihar bankuko mila bat boluntario herrialde historikoko ehun supermerkatu ingurutan ibiliko dira erosleek eskaini nahi dituzten elikagaiak jasotzen. Aitortzen dute erronka “handiegia” izan daitekeela, baina sinetsita daude egingarria dela. “Arrazoizko kopurua da, Bizkaiko supermerkatu garrantzitsuen artean gehienen babesa ere jaso baitugu”, azaldu du bankuko presidente Nicolas Palaciosek. Biltzeko asmoa duten jateko hori guztia dirutan zenbatuz gero sei milioi euro inguru izango liratekeela ere esan du. Asteburu honetan, gainera, Basurtuko Latorre Generalaren plazan jakiak uzteko gune bat izango da, eta hurrengo asteburuan, Bilboko Zabalguneko plazan.

Edozein elikagaik ez du balio. Lekaleak, olioa, arroza, pasta, kontserbak, esnea… Alegia, hainbat denboraz gorde daitezkeenak. Gainera, hazkurri balio handiko jakiak izatea komeni da. Dena den, Gabonak ate-joka daudela kontuan hartuta, turroiak, polboroiak eta bestelako gozoak ere gustura hartuko dituzte, laguntza eske doazenek jaiak behar bezala ospa ditzaten.