Barakaldoko hainbat taldek Oiolako urtegia garbitzeko eskatu dute

Oiolako (Barakaldo) urtegiko goi-ibarreko kutsadura desagerrarazteko eskatu du EH Bilduk. Baita kontsumorako ura handik ez hartzeko ere, garbiketak bukatu artean. Oskar Matute eta Dani Maeztu legebiltzarkideek adierazi dutenez, Ura Uraren Euskal Agentziako eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko arduradunen agerraldia eskatuko dute Eusko Legebiltzarrean.

Oiolako urtegiko hornidura berriz eten ostean egin ditu eskaerok koalizioak. Joan den martxoan Barakaldoko Udalak osoko bilkuran adostutako mozioa bete dezaten ere aldarrikatu dute: urtegiaren deskonexioa eta jarraipen batzorde baten sorrera eskatu zuten orduan.

Barakaldoko herritarrek eurek ere ez dute Oiolako urik edaten jarraitu nahi. Hala adierazi dute, “argi eta garbi”, herriko hogei elkartek baino gehiagok. Udalari, Ur Partzuergoari, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eta Ura agentziari eskatu diote behin betiko itxi dezaten Oiolako urtegiko hornidura sarea. Eskaera hori egiteko arrazoia ere eman dute: uraren ingurumen kalitateari dagozkion aurreikuspenak ez dituela betetzen diote.

Bide administratiboa jorratuko dute, oraingoz, elkarte horiek. Administrazio eta erakundeek eskaera hori beteko ez balute, ordea, konexioa behin betiko eten ahal izateko ekinbide legalak martxan jartzea aztertzen ari dira.

Horrez gain, Barakaldoko bizilagunen osasunaren alde sortutako plataforma berriak Europako Batasunera helarazi gura duen kexa bat ere prestatzen ari direla iragarri du. Hain zuzen, Europak uretan egon daitezkeen elementu kutsatzaileei muga bat ezartzen die, eta, Barakaldoko kasuan, maila hori gainditu egiten dela azaldu dute. Bestalde, zenbait kontrol eta kalitate neurri eta helburu ez direla betetzen ari ere salatuko dute.

Hilaren 18an alarma piztu zen, berriz ere, Barakaldoko Udalean, Oiolako urtegiko ura kutsatuta egon zitekeelakoan. Azken egunetako euri jasen ondorioz, ur kopurua handitu egin zen, eta hondoko lindano kopuruak ere gora egiteko arriskua areagotu zen.

Barakaldon sortu den plataformako kideek azaldu dutenez, Oiolako urtegiak HCHz (lindanoa) kutsatutako ura izan ohi du. Horretarako arrazoia substantzia arriskutsu hori lokatzetan metatuta egotea izan litekeela uste dute. Hori dela eta, ur hori kontsumorako erabiltzea osasun publikoarentzako arrisku bat eta erantzukizunik eza dela deritzote, edangarri bihurtzeko prozesua burura eraman ostean ere.

Udala: “Ura segurua da”

Barakaldoko Udalak ez du iritzi bera azaldu, eta azkenaldian zabaldu diren mezuen inguruan, herrian edaten den ura “%100ean segurua” dela esan dute, baita osasun berme handienak betetzen dituela ere. Ana Belen Quijada Ingurumen, Osasun eta Kontsumo zinegotziak gogora ekarri du urtegia ixteko erabakiak jarduera protokolo irmo baten ondorio izan direla, balizko arrisku egoerak saiheste aldera.

Izan ere, 2008an lindano isomeroak agertu ziren bertan, “oso kopuru txikietan”, Quijadaren esanetan. “Ez ziren kopuru arriskutsuak. Arriskuen analisia egin zen, eta osasunerako arrisku adierazgarririk ez zegoela ebatzi zen”. Orduz geroztik, baina, Oiolako urtegiarekin kontu berezia izaten ari direla azaldu du.

EH Bilduk, baina, “kezka” agertu du Tontxu Rodriguez alkatearen jarrera ikusita. Oskar Matuteri “bitxia” iruditu zaio alkateak ura %100ean segurua dela iragartzea bando baten bitartez, eta, handik egun batzuetara, urtegia itxi behar izatea “arriskua dagoela” argudiatuta.

Barakaldoko bizilagunei alkateak egin diezaiekeen mesederik onena dimititzea dela deritzo legebiltzarkideak, eta bere lekua “erantzukizun handiagoa duen pertsona bati utzi”.

Alonsotegik ez du Oiolako urik

Barakaldoko plataformak jakinarazi duenez, euren herrira ez ezik, Alonsotegi eta Sestaora ere Oiolatik bideratzen dute ura. Baina Alonsotegiko Udalak gezurtatu egin du. “Oiolako urtegiak Basatxuko araztegia soilik hornitzen du”, azaldu du Kepa Kareaga Ingurumen zinegotziak. Sasoi batean bazuten hargune bat euri jasak zeudenerako, badaezpada, berez Artibako urtegitik hornitzen direlako eta halako egunetan lokatzez beteta iristen zitzaielako. Alarma “faltsua” piztea egotzi dio Ekologistak Martxan taldeari.