Aurrekontuaren letra txikiak dioena

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontu proiektua onartzeko prozesuak aurrera jarraitzen du. Asteon Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordetik igaro dira zortzi ahaldunak, eta euren sailek izango duten dirua zertan gastatuko duten azaldu dute. Orain, ordezkaritza duten lau alderdi politikoek emendakinak jartzeko tartea izango dute. Hona hemen zortzi sailetako bakoitzean zer egiteko asmoa duten, proiektua onartuko bada.

Gizarte Ekintza Saila

Egoitzak, diru laguntza barik geratuko direnentzat

Gizarte Ekintza Sailak 452 milioiko aurrekontua izango du datorren urtean. Pilar Ardanza ahaldunak azaldu duenez, horietatik %70 adinekoek, menpekotasuna dutenek eta elbarriek jasoko dute. Adineko izeneko bidaia programa kenduko da, eta Espainiak lehen mailako menpekotasuna dutenei ordaindu beharreko laguntzak ez ditu bere gain hartuko. “Baina, trukean, autonomia pertsonalerako hiru egoitza berri eskainiko zaizkie”, adierazi du. Bilbon eta Ezkerraldean bana izango dute; hirugarrena Durangaldean edo Uribe Kostan eraikiko dute. 700 bizkaitar geratuko dira hilean 180 euro jaso barik. Bigarren eta hirugarren mailako menpekotasuna dutenek, osotara, 90,7 milioiko laguntza izango dute —%4,6 gutxiago—.

Adinekoentzat 156,7 milioi gordeko dituzte, batez ere, egoitzetako 4.947 tokiak ordaintzeko. Ez da berririk aurreikusi. GUFE izeneko erakundeak kudeatzen ditu egoitzak; aurrekontuan %2,6ko beherakada izango du. Langileria gastua 825.000 eurotik 178.000 eurora gutxitu da lau urtean.Gizarteratze politikek, berriz, 16,5 milioi jasoko dituzte. Haurtzaro programek ere 250.000 euro gutxiago izango dituzte; 5,3 milioi osotara, harrera familia gutxiago aurkeztu direlako.

Ingurumen Saila

Bizkaiko Ur Partzuergoari 25 milioi gutxiago

Sailetan murrizketa handiena izango duen saila da Ingurumena: 66,3 milioi, aurten baino %25,8 gutxiago. Beherakada hori bereziki Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak nabarituko du. Aurten, 55 milioi jaso ditu foru aldunditik. Datorren urtean, berriz, 30 izango dira. “Sailaren barruan diru sorta handiena zenez, hor murriztu genezakeen”, arrazoitu du Iosu Madariaga ahaldunak. Ondorioz, aitortu du ur zikinen hainbat sareren bukaera 2018ra atzeratuko dela. Garbikerrek, bestalde, 12,1 milioi euro jasoko ditu: 10,1 Artigaseko hondakinen tratamentu mekaniko-biologikorako planta eraikitzeko izango dira. Garbiguneak eta bosgarren edukiontzien hedatzea ere kudeatu beharko ditu foru enpresa horrek. Azkenik, hondartza zaintzaileen lantaldea 76 beharginetik 37ra txikituko da. “Euren zereginetako asko orain sorosleek egiten dituzte”, dio Madariagak.

Ekonomia Sustapen Saila

Nazioarteko merkatura jotzeko laguntzak, hirukoiztu

Ekonomia Sustapen Sailak 72,4 milioi izango ditu 2012an. Horietatik 4,7 Bizkaiko enpresak nazioartekotzeko laguntzetarako izango dira. Imanol Pradales ahaldunaren esanetan, “Espainiako merkatuak izan duen beherakada dela eta, aurtengoarekin alderatuz hirukoiztu” egingo dute sorta hori. Autoenplegua sustatzeko programa %30 haziko da; 5,2 milioi izango ditu. Hala ere, saileko aurrekontuaren zati handiena, laurdena pasatxo, berrikuntzara bideratuko da: 19,2 milioi, Berrikuntza Estrategikoko Funtserako eta berrikuntza teknologikoko proiektuak laguntzeko. Azkenik, 4,7 milioi gastatuko dira turismo arloko proiektuetan.

Nekazaritza Saila

Lurren bankua handitu, eta gazteak lehentasun

Aurten baino %19 gutxiago izango du Nekazaritza Sailak; hau da, 29,7 milioi. Irene Pardo ahaldunak azaldu duenez, “kredituen alde” egingo dute. Alegia, nekazaritza eta ingurumen neurriak eta nekazari gazteentzako laguntzak %28,2 haziko dira. Lurren eskaintza nabarmen handituko da, gainera, Bizkaiko Lurren Bankuak 60 hektarea gehiago izango dituelako. Diru laguntzetarako 11,5 milioi gordeko dituzte, eta ustiategietan inbertsioak egiteko, 8,7 milioi. Murrizketak, bestalde, administrazio orokorrean egingo dituela adierazi du Pardok: %20,8 gutxiago gastatuko dute. Ahaldunaren esanetan, “aurrekontu honek legegintzaldirako ezarritako konpromisoei erantzuten die”.

Kultura Saila

6 milioi euskararentzat; %17,7 gutxiago

Aurten baino %11,5 gutxiago izango du datorren urtean Kultura, Gazteria, Euskara eta Kirol Sailak: 46 milioi euro. Kultura zuzendaritzak jasoko du zatirik handiena: 24,7 milioi. Kultura egitasmoak sustatzeko, Foru Liburutegia mantentzeko, museoetarako eta ondarea zaintzeko erabiliko da diru hori. Museoetarako diru laguntzak %1,8 apalduko dira. Kultur ondarea sustatzeko proiektuek, berriz, 7 milioi euro jasoko dituzte. 1,7 milioi jasoko ditu Foru Liburutegiak.

Beherakada nabarmenena Euskara Zuzendaritzak sufrituko du. Datorren urtean 6 milioi izango ditu; aurten baino %17,7 gutxiago. Josune Ariztondo ahaldunak ziurtatu du “proiektu estrategikoak bermatuko direla”. Hala, Euskaltzaindia, Labayru, Bizkaia Irratia eta Durangoko Liburu eta Disko Azokarekin adostutako “konpromisoak beteko dira”. Udal eta mankomunitateetako euskara teknikarientzat ere diru gutxiago izango da.

Herri Lan eta Garraio Saila

Bilboko sarrerak; Bermeo eta Autzaganeko saihesbideak

Herri Lan eta Garraio Sailak 287,6 milioi izango ditu. Herri lanetan bi proiektu nagusi dituzte: Bilborako sarbide berriak ireki eta Bermeo eta Autzaganeko saihesbideak eraikitzen jarraitu. Gerediaga eta Elorrio arteko errepidea egiteko asmoa ere badute. Errepideak mantentzeko lanak 36,1 milioi kostatuko dira. Artxandako tunelei 5,7 milioiko ekarpena egingo die Itziar Garamendiren sailak: 4,1 mantentzeko, eta 1,6 segurtasunerako. Beste 4 milioi euro gorde dituzte Bilboko Sabino Arana kaleko bidezubia eraisteko. “Lehen zortzi aurreikusi ziren arren, orain lau behar direla esan digute foru aldundiko teknikariek”.

Garraio arloan, bestalde, 129 milioitik 121ra jaitsiko da Bilboko Metroak, Bizkaiko Garraio Partzuergoak, Fevek eta Bizkaibusek osotara jasoko duten diru kopurua. Herri arteko autobus publiko zerbitzuak 78 milioi izango ditu. 900.000 euro bideratuko dira autobideen erabiltzaileei ematen zaizkien diru laguntzetarako.

Lehendakaritza Saila

Administrazio elektronikoa, harremanak sendotzeko

Lehendakaritza Sailak 25,3 milioi euroko aurrekontua izango du 2013an; aurten baino %24,2 gutxiago. Juan Mari Aburto ahaldunaren esanetan, “diru hori, gehienbat, gainontzeko sailei zerbitzua emateko erabiliko da”. Sailaren lehentasunetako bat administrazio elektronikoa hedatuz joatea izango da, “herritarren eta administrazioaren arteko harremana sendotzeko”. Igoera izango duten bakarrenetakoak suhiltzaileak izango dira. Besteak beste, Balmasedako parkea handitzea aztertzen ari dira. UNED diru laguntza gabe geratuko da; aurten, 90.000 jaso ditu. Laguntza juridikorako programan, 75.000 euro gutxiago gastatuko dira.

Ogasun eta Finantza Saila

Goi Ingeniaritza Teknikoko Eskola eraisteko lanak

Ogasun eta Finantza Sailak 122,9 milioi euro izango ditu 2013an, aurten baino %12,32 gehiago. Jose Maria Iruarrizaga ahaldunak azaldu duenez, datorren urteko berrikuntzetako bat Casilla inguruan dagoen Goi Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola eraisteko diru sorta izango da. 850.000 euro gorde dituzte lan hori egiteko. Izan ere, aurrerantzean foru aldundiarena izango da eraikina. San Mames Barria proiektuari egingo dion ekarpenak ere gora egingo du 2013an: 6 milioi eurotik 7,6 milioira. “Hori da aurretik hartuta geneukan konpromisoa”, argudiatu du.