Urrea saltzen fruta erosteko

Begira”, esan dio Josebek Mireni. “Etxe-agentzia itxi, eta bi hilabete aurretik fruta denda bat zabaldu dute gure atepean”. “Zure etxe azpikoa ere itxi egin dutela? Jesus, nik dakidala hiru etxe-agentzia itxi dituzte herrian azken urte honetan”, zehaztu dio Mirenek. “Eta hiru fruta denda zabaldu”, gehitu du Josebek.

Ume karrotxoei tira eginez jarraitu dute bi andreek paseoan. Eguraldi onarekin herriari hiru buelta oso ematera iritsi izan dira; eguraldi kaskarreko egunetan bakarrarekin konformatu behar izaten dute. Horixe omen dute kirolik onena, hankak martxan dituzten bitartean umeen karrotxo gero eta astunagoei tira egitea. Konpainian bada hobe, abiadura handiagoan eramaten dituztelako umeak eta bide batez, horiek ere bere sasoikoen konpainia dutelako. Gainera, umeek aire freskoa hartzeaz gain, eurak ere egurasten dira, eta bide batez, herriko kontuen berri bertatik bertara izaten dute.

“Bost Compro Oro delako zenbatu nituen azkenengoan”, esan dio berriz Josebek Mireni hari bereko gaitik tiraka. “Bai, barruko arropen denda hura zegoen lekuan azkena”, zehaztu dio Mirenek. “Ohartu zara barruko arropen bi denda itxi dituztela?”. “Bai, neska. Eta likidazioan dago hor beheko kaleko hirugarrena”.

“Hauxe da marka! Ba, ez da hor amaitzen kontua”, segitu du Mirenen mingainak dantzan. “Ez dakizu nire etxe azpikoaren berri! Sofa denda itxi zuten lekuan, lo eta deskantsurako espezializatutako denda bat zabaldu dute, badakizu, koltxoi eta burko bereziak dituen bat. Eta bide batez izara modernoak saltzen dituena. Eta justu, eraikinaren atzealdean alfonbra denda zegoen lekuan beste bat, antzeko koltxoi eta burkoekin”.

“Hara! Banekien bien artean dagoen altzari denda likidazioan zegoena, baina bi denda igualtsu pare parean zabaldu dituztenik ez! Badakizu, Miren, ditxosozko krisia dela eta, jendeak arazo itzelak ditu nasai lo egiteko. Bistarekin zabalduko zuten negozioa. Krisi garaian aukera berriak probesten ikasi behar da!”.

“Bai, neska. Auzoko fruta dendari konpetentzia eginez zabaldu duten fruta denda bezala!”.

Umeen karrotxoei tira eginez segitu dute kalean gora. Bat-batean Josebe bide erdian ez atzera ez aurrera gelditu den arte. “Zer-nolako ondorioak atera genitzazke hemendik, Miren?”. Ume biak eta Miren begira geratu zaizkio harri eta zur.

“Ba, gauzak dauden bezala jende arruntak barruko arropa eleganteen premia baino koltxoi edo burko berrien premia dugula, goizetan deskantsatuta eta erlaxatuta esnatzeko. Etxerik erosteko dirurik ez daukagunez, altzari berririk erosteko premiarik ez… eta batez ere, urrea saltzera iritsi garela fruta erosteko”.

“Hamaika ikusteko jaioak gara” esan eta umeen karrotxoei tira eginez segitu dute bi andreek kalean gora.