Murrizketak enpresa publikoetan gura ditu oposizioak

Oposizioko hiru alderdiak datu zehatzak ikusteko irrikan daude, aurrekontu proiektu horrek sakonean zer duen jakiteko. Hala ere, lehen kolpean ados jarri dira badagoela zer hobetu herritarren beharrei erantzun gura izanez gero. Dena den, PSE-EEk nahiko abegikor hartu du proiektua, “ardatz nagusietan bat egiten” duela esan baitu Iñaki Egaña batzarkideak. “Bizkaitarroi gerrikoa estutzeko eskatzen zaigu, baina beste alde batera begiratzen dute foru sozietate publikoei dagokienez”, salatu du, berriz, Esther Martinez PPko batzarkideak. Aurtengo aurrekontuak popularren babesarekin onartu ziren.

Deigarria egin zaie bai Bilduri, bai PPri, bai PSE-EEri Jose Luis Bilbaok foru aldundiaren zorrari aipamen egin eta azaldu ez izana sozietate horiek ia beste horrenbestekoa dutela: Bizkaiko Foru Aldundiaren zor bizia 1.200 milioi eurokoa da, eta foru sozietateena, 1.027 milioi eurokoa. Osotara, 2.200 milioi pasatxo dira. Hori horrela, foru enpresek zenbat diru jasoko duten jakin gura du Bilduk, eta, bereziki, zelan aurre egingo zaion Bilbo hegoaldeko saihesbideak, Artxandako tunelek, BECek eta antzeko azpiegiturek utzi duten zuloari.

Martinez popularrak ohartarazi du BECek 41 milioiko galera duela eta foru aldundiak ez duela proposatu egoera artezteko ezelango planik. “PPko kideok gardentasuna sumatu dugu faltan; alegia, garai oparoetan martxan jarritako enpresa publikoekin sortu duten Bizkaiko administrazio paraleloari buruzko informazioa”. Aurten, 470 milioi euro jaso dituzte aurrekontutik. Datorren urtean zenbat jasoko duten jakin gura du Bilduk.

Menpekotasunarekiko kezka

Aurtengo aurrekontuari errepasoa eginez, koalizioko batzarkideek gogorarazi dute duela urtebete aurreproiektua aurkeztu zenean iragarri zela Gizarte Ekintza Sailak sailen aurrekontu erabilgarriaren %51 jasoko zuela. “Oinarrizko errenta eta etxebizitza osagarriak barne hartu ziren, diru hori Eusko Jaurlaritzak jartzen duen arren. Bi kontzertu horiek kontuan hartu gabe, aurrekontuaren %31 bideratu zen gizarte ekintzara”, salatu dute. Alegia, esaten dute foru aldundiak, nahiz eta jakin bazekien behin 2012a hasita bi laguntza horiek emateko eskumena Eusko Jaurlaritzaren ardurapera igaroko zela, euren aurrekontu proiektuan sartu zituztela, gizarte gaietarako diru sorta eta horrek osotasunarekiko izango zuen pisua puzteko.

Bilduk eta sozialistek ez dute ontzat jo lehen mailako menpekotasuna duten pertsonak diru laguntza gabe geratzea. Popularrek ez dute aipamenik txikiena ere egin kontu horretaz. Egaña sozialistak onartu du diru bilketan beherakada nabarmena egon dela, baina uste du zerga iruzurraren aurkako politika egoki batekin falta diren 6 milioi horiek eta gehiago ere lor zitezkeela. Gainera, zerga politika bera berregituratzea ere ezinbestekotzat jo du, aurrekontua gero eta meheagoa ez izateko. Bilduk, berriz, “Espainiako Erresumak bere ardurekin betetzen ez duen argudioa aitzakia” dela uste du. “Beste erakunde batzuek menpekotasunaren gastu hori euren gain hartu duten arren, foru aldundiak nahiago izan du ezikusiarena egin eta pertsona horiek laguntzarik gabe utzi”.