Lemoako harrobi zaharrean isuririk izan den ikertuko da

Lemoako Udalak analisiak hasi ditu, antzinako harrobian baimenik gabeko isurketarik izan den ala ez argitzeko. Basoinsa S.L. ingurumen ingeniaritza enpresako teknikariek astelehen goizean hartu zituzten ikertuko dituzten laginak. Udalak azaldu duenez, oraingoz lur azpiko ur filtratuak aztertuko dira, eta ikerlariek betetze hodiaren sakonenetik lixibatuen lagina hartu dute analisirako. Ingurumen teknikariek egindako ikerketetan legez kanpoko isurketak egon diren zantzurik aurkituko balitz, harrobi zaharreko lur laginak hartzea izango litzateke hurrengo pausoa.

Udalak dio erabaki hori hartu behar izan duela iruditzen zaiolako Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak “obskurantismoa” agertu duela, eta ez diola udalari auziari buruzko informaziorik eman. “Behin eta berriz eskatu dugu isurketei buruzko txostena, eta ez dugu erantzun bakar bat ere jaso”, salatu dute. Ekainean jakin zuten harrobia betetzen ari zen enpresari txostena ireki ziotela. Ordutik, hainbat aldiz jo dute Ingurumen Sailera, baina ez die inork erantzun. “Onartezina da lemoaztarren osasun baldintzak bermatzeko informazioa eskuragarri ez izatea”, salatu dute.