“Egunero milaka lagun pasatzen dira; asko bezero finkoak ditugu”

Egunero Bizkaiko Zubitik makina bat jende pasatzen da Portugaletetik Areetara. Ez da hori, baina, Abra parean itsasadarra alde batetik bestera pasatzeko era bakarra. Bertakoek ondo dakitenez, badago ura txalupaz zeharkatzeko aukera. Juanma Hernandezek (Portugalete, 1966) 22 urte daramatza jendea alde batetik bestera eramaten. “Umetatik erabili izan dut, baina sekula ez nuen imajinatu hemen lan egingo nuenik”.

Lehenengo, leihatilan hasi zen kobratzen, eta geroago atera zuen Pasaian portuko patroi titulua. Guztira, lau patroi dira; goizez bi aritzen dira, eta arratsaldez beste biak. Jende gehien dabilen orduetan bi txalupa dituzte. “07:00etatik 09:30era eta bazkalordua izaten dira bidaiari gehien izaten dugun uneak”.

Egunero, 2.000 bidaiari inguruk erabiltzen dute zerbitzua. “Asko bezero finkoak dira; egunero erabiltzen dute”. Izan ere, lanerako joan-etorrirako erabiltzen dute gehienek. Bizkaiko Zubiaren alboan daude, baina askok nahiago dute txalupan pasatu beste aldera, “azkarragoa” delako.

Bestalde, turistak ere ibiltzen dira; udan eta jai edo zubietan, batik bat. Halaber, udan ume asko aiton-amonekin etortzen direla dio: “Lau bidaia hartu, eta hemen ibiltzen dira, hara eta hona; haurrei asko gustatzen zaie”. Hala ere, aspaldion konpetentzia beste garraiobide batek egin diela aitortu du: “Bidaiari kopurua jaitsi egin da metroaren eraginez”.

Eguraldiari so

Eguraldiak erabat baldintzatzen du haien lana. Mendebaldeko haizea askotan zakar igartzen da itsaso bazter horretan. “Neguan, hotzarekin eta euriarekin, txarto pasatzen dut; udan, ostera, oso ondo egoten da hemen, askoz gusturago lan egiten dut udan”. Uda azkar pasatzen zaiola dio; neguan, baina, egunak gogorrak eta luzeak egiten zaizkiola nabarmendu du. Izan ere, goiz eta arratsaldeko txandak izan arren, ordu asko dira. “Astegunetan, 05:45ean hasten gara, 22:10era arte”. Asteburuetan, ostera, beranduago hasten dira; zapatuetan 08:00etan, eta domeketan 10:00etan.

Alabaina, hotzari eta euriari aurre egiten laguntzeko, egungo txalupek badute aterpea, garai batean ez bezala. 1975. urtean jarri zituzten kabinak barkuetan. “Ordura arte, euria ari zuenean, jendea aterkiarekin joaten zen”.

Bi mende eta erdiko historia dauka zerbitzu honek. 1757. urtean hasi ziren; orduan arraunean lan egiten zuten, txalupa txikietan. Zazpi pertsonarentzako lekua zeukaten barkuek. Egun, 50 pertsona sartzen dira, baina normalean ez da betetzen. “Gauzak dauden bezala, agian guk ere horrela ibili beharko dugu laster, arraunean”, dio, barrez. Izan ere, barkuek mantentze lan handia daukate, eta erregaietan bakarrik “dirutza” gastatzen dute. 3.000 euro inguru hilean, Hernandezek dioenez. “Baina lana dugun bitartean, pozik gaude”.

XVIII. mendetik zerbitzua egon arren, 1968-1969 inguruan sortu zen Hernandezen eta haren lankideen elkartea: Agrupacion de Boteros de Portugalete. Egun, lau bazkide dira; patroi lanetan ibiltzen diren laurak. Beste hiru lankide dituzte; bik txarteldegian lan egiten dute, eta beste bat mantentze lanez arduratzen da.

Txangoak itsasadarrean

Aisialdirako zerbitzua ere eskaintzen dute elkartean. Euskal Herria itsasontzia alokatzen dute, itsasadarrean zein itsasoan ibilaldiak egiteko. Bezeroek aukeratzen dute ibilbidea. Talde handientzat egokituta dago, 80 pertsonarentzako lekua baitu. “Urtebetetze jaiak, ezkondu aurreko agur festak, enpresetako jaiak…”. Gehienbat uda partean alokatzen du jendeak. Esaterako, Bilboko jaietan suak edo Marijaiaren agurra ikusteko eskari asko izaten dituzte. “Sekulako arrakasta izan du aurten ere”, dio Hernandezek. Bilboko jaietan urtetik urtera eskari gehiago dituztela aitortu du.

Ibaizabal itsasoratzen den bokalean egunero makina bat ordu pasatzen ditu Hernandezek. Jendea etorri ahala eramaten dute beste aldera. Ezkerraldetik eskuinaldera eta eskuinaldetik ezkerraldera. Horretan ematen dute eguna boteroek; izen horrekin baitira ezagunak herrian.