Bukatu da Bilboko Portuko garraiolarien greba

Bilboko Portuko garraiolari autonomoek duela hiru aste pasatxo abiatu zuten greba bertan behera uzteko erabakia hartu zuten joan den martitzenean. Kamioilariek zerbitzua ematen dieten enpresek hilabeteren buruan sektore horretako lan baldintzak arautuko dituen akordio profesional bat aurkezteko konpromisoa hartu dutela ikusita adostu zuten garraiolariek erabaki hori.

Sindikatuetako eta enpresetako ordezkariak batzartu ostean, garraiolari autonomoek greba bertan behera uzteko proposamena bozkatu zuten. Aldea txikia izan zen: 286 kamioilari alde eta 283 kontra. Gehiengo txikia izan arren,sindikatuen arabera, garraiolari guztiek bozketa onartu zuten eta lanuzteak bukatutzat eman zituzten.

Sindikatuen arabera, garraiolari autonomoen eta kargak leku batetik bestera eramateko eurengana jotzen duten enpresen arteko harremanak ahozko akordioek zuzentzen dituzte. Oparoaldi garaietan akordio horren ardatz orokorrak errespetatu direla diote. “Krisi garaian, ordea, akordioak ez betetzeari ekin diote”.

Hori dela eta, garraiolariek euren lan baldintzak idatziz eta akordio orokor baten barruan jaso gura zituzten. Izan ere, gogora ekarri dutenez, kamioilarietako batzuek enpresa jakin batzuekin bakarrik lan egiten dute. Bestalde, Portuko Zuzendaritzaren jarrera kritikatu dute, kriminalizatu egin nahi izan dituelakoan.