Baietz hamabi orduz euskaraz bizi

Basaurin bizi diren euskal hiztunek eguneroko bizimoduan euren hizkuntzan berba egiteko aukerarik ez dutela ikusita, elkartu eta egun batez euskarari merezi duen lekua emateko Basaurin Be Bagara ekimena antolatu dute erronka batekin: Baietz 12 orduz euskaraz egitea lortu. Datorren asteko domekan ikusiko du argia asteetan hainbat elkarte eta kolektibotako euskaltzaleek landu duten jaialdiak. Abenduaren 2an, Euskararen Egunaren bezperan, hamabi orduz —08:00etan hasi eta 20:00etara bitartean— hainbat jarduera izango dira, betiere, euskaraz. Euskal hiztunen topagunea Euskararen herri krossa bihurtuko da, beraz, Basauriko Solobarria plazan.

“Euskaldun kopuruari dagokionez, asko garela jabetu ginen, Euskarabila elkarteak eta hainbat euskaltzalek Topagunearen laguntzarekin egindako azterketa baten bitartez, baina, oso sakabanatuta geundela”, azaldu du Karmele Albisu elkarte horretako eta Basaurin Be Bagara ekimeneko kideak. “Beraz, jaialdia aitzakia bat zen arlo askotan gabiltzan euskaldunon arteko topagune bat osatzeko eta elkar ezagutzeko”, adierazi du.

“Basaurin ez daukagu euskaraz bizitzeko aukerarik; elkartuta bageunde eta elkar ezagutuko bagenu, gehitu egingo lirateke aukera horiek”, iritzi dio. “Horregatik bota genuen erronka hori: Egun oso batean ea gai garen edozein motatako jarduerak euskaraz gauzatzeko”.

Abenduaren 2ko egun hori abiapuntua besterik ez izatea dute helburu Basaurin Be Bagara ekimeneko antolatzaileek, euskararen sugarra piztuko duen txinparta, hain zuzen.

Mobilizazio handia eragin du herrian jaialdiak. Hainbat elkarte, eragile, taberna, merkatari, kolektibo eta norbanakok hartuko dute parte, modu batean edo bestean, euskararen aldeko topagunean. “Egitarauari erreparatuta, badirudi elkarte gutxi batzuk baino ez daudela, baina bazkaria prestatzeko, orduro izango diren abesti saioetan eta hainbat jardueratan parte hartze handia izango da”, argitu du.

Izan ere, egitarau zabalaz gain, berezitasunak ere badaude. Besteak beste, bideo batean euskaldunen atxikimenduak jaso dituzte: Neu be banaz, eta zu? leloa abiapuntu modura hartuta, hainbat herritarrek atxikimendua eman diote ekimenari.

Horrez gain, Dangiliske folk taldeak Basaurin be bagara abestia sortu du, propio, egun horretarako. Kanta hori orduro interpretatuko dute kultur talde, eragile eta bestelakoetako kideek oholtza gainean. Interpretazio horiek eurak ere ekimenarekin bat egiten dutela azaleraziko dute. Kirol elkarteak, eragile sozialak —sindikatuak, auzo elkarteak…—, emakumeen mugimenduaren alorrekoak, merkatariak… Denetarikoak igoko dira oholtzara.

‘Flashmob’-a, gaur

Antzart dantza taldeak, berriz, flashmob bat prestatu du. Entsegu orokorra gaur bertan egingo dute, 18:00etan, Solobarria plazan. Ondoren, ekimenaren aurkezpena egingo dute Bolintxu euskaltegian.

Bestalde, Artunduaga atletismo taldeak antolatuta, 12:00etan hasita, ordu erdiro talde bat aterako da korrika kirol elkartekoek prestatu duten zirkuitu baten barruan. Talde bakoitzak letra bana eramango du. Guztira, hamasei korrikaldi egingo dituzte, 20:00etara bitartean. Aurreikusitako erronka betetzen bada, 20:00etan Solobarria plazan prestatutako eremu batean Basaurin Be Bagara irakurri ahalko da taldeek batak bestearen atzetik eramandako letrekin eratuta.

San Faustin entzierroa

Euskaraz bizitzeko euskarazko egunkari baten garrantzia berebizikoa dela jabetuta, BERRIA egunkariaren aldeko entzierroa antolatu dute, bestalde, San Faustin taldeko kideek. Santuari ez diote kanturik egingo. Egunkariari berari kantatuko diote entzierroa abiatu aurretik, Bizkaiko Hitza astekariaren ale bat eskuan hartuta, berau korrituko dutenek. Horretarako propio beste abesti bat prestatu dute. Egun osoan zehar musika euskalduna jarrita izango dute, gainera, herriko hainbat tabernak.

Jaialdi guztiko jarduera guztiak auzolanean prestatutakoak dira, baina udalaren babesa ere izan dute. Horri deritzote biderik egokiena: “Aproposa da euskaldunen artean ezagutza hori bermatzeko eta euskaldunak ez direnen begietan ere euskaldunak beste modu batean ikusteko. Ondo pasatzen dugu, denetarik egin dezakegu, eta, egun horretan, euskalduna ez dena ohartuko da euskaraz baleki, hobeto aprobetxatuko lukeela egun hori”, azaldu du egitasmoko kide Ludi Viguerak.

Jaialdiaren bukaera aldean ekitaldiaren balorazioa egingo dute antolatzaileek. Eurak ere ezagutzen ez duten ezustekoren bat edo beste izango dela iragarri dute, gainera.