“Aizkolaritzan esperientzia, erresistentzia handia eta teknika behar dira”

Ez zen ezusterik izan. Domekan, Arbizun (Nafarroa) lehiatu zen Euskal Herriko Aizkolari Txapelketako finala Floren Nazabal nafarrak irabazi zuen. Aitzol Atutxa (Bilbo, 1988) dimoztarrak gogor ekin zion, eta laugarren geratu zen. Emaitzarekin pozik azaldu da, gaur egun erreferentetzat dituenek urteen esperientzia behar izan baitute lehen postura iristeko.

Iragarrita zegoena bete da, eta Floren Nazabalek eskuratu du Euskal Herriko txapela. Ezustekoa emateko eta irabazteko itxaropenarekin joan zinen domekan edo oso zail ikusten zenuen?

Ez, ez, oso zail zegoen. Esperientzia asko behar da txapelketa hori irabazteko, eta esperientzia hori urteekin lortzen da. Ezustea Urrezko Kopan eman nuen. Han bai, lan motzagoek, esplosiboek balio dute. Bestela, baina, oso zaila da Floreni lekua kentzea.

Ez duzu egin, beraz, espero baino lan eskasagoa.

Ez. Argi daukat apurka joan behar dudala. 24 urte besterik ez dauzkat, eta nagusitu ziren lehenengo hirurei erreparatzea baino ez dago: 40 urtetik gorakoak dira guztiak.

Argi geratzen da, beraz, aizkolaritzan esperientzia, erresistentzia handia eta teknika behar direla. Teknika hori, urteen poderioz hartzen da. Sailkapenean ikusi da berrogei urtetik beherakoak garenok hiru azkenak geratu ginela. Eta lehenengo hirurak, berrogei urtetik gorakoak izateaz gain, Euskal Herriko txapeldunak edo txapeldun ohiak izan dira, azken hiru urteetako txapeldunak, hain zuzen.

Aurreko finalean erritmo gogorregian hasteak huts eginarazi zizun. Aurtengotik zer ikasi duzu?

Iaz bizkorregi hasi nintzen. Gero ahuldu egin nintzen. Aurten, alderantziz gertatu da. Beharbada, astiroegi hasi eta gero ondoegi amaitu.

Indarrak neurtu egin behar izaten dira, beraz.

Bai, horretarako aizkolaritza kirol berezia da. Adibidez, atletismoan, 100 metro edo maratoi batean, badakizu, gutxi gorabehera, zenbat denbora beharko duzun bide hori egiteko. Aizkorarekin hasten garenean, ordea, badakigu hamabi enbor moztu behar ditugula baina ez dakigu enbor bakoitzaren gogortasuna zenbatekoa den. Txapelketa hastean ez dakigu 35 minutu edo 45 beharko ditugun. Hori denborarekin, esperientziarekin lortzen da. Eta jakin egin behar da aizkorakada noiz eta non eman.

Esperientzia aipatu duzu. Entrenamendu gehiago egitea ere izan daiteke gakoa?

Ez dut uste gakoa hori denik. Nazabal bera ere 22 urterekin Lehen Mailan ibili zen, eta 32 izan arte ez zuen txapela lortu. [Patxi] Mindegiaren kasuan ere gauza bera. Inoiz egon den aizkolaririk onena dela esaten dute. 21 urterekin Lehen Mailan aritu arren, 30 urte pasatu arte ez zuen txapela lortu.

Baliteke entrenamendu gehiago komeni izatea, baina, sarri, ez da astirik ez gogorik izaten. Egun osoa lanean aritu ondoren entrenatzen hastea gogorra da. Kirol minoritario hauetan sakrifizio handiagoa behar da. Entrenamendu gehiago komenigarria izan daiteke, entrenatzea beti ondo etortzen delako, baina entrenamendurik onena atseden on bat dela esaten da. Iristen da une bat entrenamendu gehiago egin arren, gorputzak hobera ez duela egiten. Urtetik urtera bai badoa gehiagora, baina pazientziarekin hartu behar da eta apurka.

Egunen batean, beraz, zeure burua Euskal Herriko txapeldun gisa ikusten duzu?

Ikusi ez, amestu bai. Lehen mailan egoteko ari gara lanean, eta egunen batean txapela irabazteko. Zortzi urterekin hasi nintzen ni aizkolaritzan, eta lehen mailan aritzea nuen helburu. Lehen Mailara iritsita, txapela irabaztea dut amets.

Nor duzu erreferente?

Mindegia esango nuke, batetik. Nire aita ere aizkolaria da eta bere maisua izan zen hura. Eta, bestetik, Floren Nazabal. Nire garaiko aizkolaria izan da; gaztea. Sarri egiten ditut konparazioak berarekin. Gaur egungo aizkolaririk onena dela uste dut. Jaio nintzenean bera jada lehen mailan zebilen eta orain berarekin lehian ari naiz. Hori ohorea da niretzat.

Euskal Herriko txapelketara iritsi den lehenengo bizkaitarra bihurtu zinen iaz. Hori ere ohorea izango zen zuretzat, ezta?

Bai. Herrialde baten ikurra izatea ondo dago. Jende asko mugitu da nirekin; baita joan den domekan ere. Hori ohore bat da, eta aurrera jarraitzeko indarra ematen dit.

Aizkolaritzan ari diren bizkaitar gazteei bide edo amets bat zabaldu diezula uste duzu?

Afizioa egon da. Ni Bizkaiko finaletara iritsi nintzenean, bospasei lehiakide egoten ginen. Iaz, dozena bat egon ginen; aurten, hamar izan gara.. Maila igotzeko aizkolari askok egon behar dute. On bat ateratzeko, denetarik egon behar du, txarxeagoak ere bai.

Zelako eboluzioa ikusi duzu zuk Bizkaian?

Gazte batzuk badatoz atzetik, baina horiek lan egin behar dute. Izan ere, urte osoan ez baduzu jarraitutasunik, ezin daiteke aurrera egin. Motibazioa ere behar da, eta hori txapelketek ematen dute. Lehen Mailatik behera txapelketa gutxiago izaten dira, eta zailago izaten da hor jarraitzea.

Indarrak neurtzea zaila dela esan duzu. Gakoren bat ba al dago enborra ahalik eta azkarren mozteko?

Bai. Txapelketa batean neurtu zituzten datuak. Kolpe gutxien jotzen zuenak amaitzen zuen lehenengo. Esperientziarekin ikusten da hori. Egurra beti da ezberdina, eta jakin egin behar da kolpea non eman. Entrenamenduetan erakusle bat izaten dugu. Finalean, ordea, zeure burua baino ez daukazu, milaka pertsona oihuka entzuten dituzu eta zure ondokoa azkarrago ikusten duzu… Eta ordu erdi daramazunean, ez dakizu kolpeak non ematen dituzun ere. Burua fresko eduki behar da, eta hori urteekin lortzen den kontua da.

Orain zer? Atsedenerako unea da?

Bai, urtea luzea izan da; txapelketa askotan hartu dugu parte. Gabonak gozatu nahi ditut, eta, ostean, Urrezko Aizkorarako bikotekako txapelketa hasiko da. Ugaitz Mugerzarekin egokitu zait. Bikote gazteena izango garelakoan nago. Ea gazteek zerbait erakuts dezakegun.