Suari aurre egiten jakiteko

Enpresako makina sutan hasi da, eta sua zabaltzen ari da. Itsasontziko motorrak sua hartu du. Gasolindegiko autoari kea dario. Halako kasuetan, zer egin? Suari aurre egitea ez da erraza, beldurrari eta urduritasunari eutsi behar zaio, eta erabakiak hartu behar dira momentuan. Adituen ustez, egoera horietan erantzun hobea ematen dute prestatuta daudenek, badakitelako zer egin behar duten.

Egunerokotasunean suagaz gerta daitezkeen arazoen inguruan nola jokatu ikusteko eta ikasteko gune bakarra dago Bizkaian: Ispasterko Maniobra Parkea. Bizkaiko Foru Aldundiak suteen aurka trebakuntza teoriko-praktikoa emateko sortutako proiektua da, eta hainbat talde pasatzen dira bertatik egunero-egunero: enpresetako lehen edo bigarren esku hartze taldeak, suteen aurkako taldeak, bai eta suhiltzaile profesionalak ere.

Berriatuko Cikautxo eta Gernika-Lumoko Inama enpresetako beharginek, Ikea, Decathlon eta era horretako denda handietako langileek, Petronorreko suhiltzaileek, Bilboko portuko segurtasun arduradunek eta marinelek jaso dituzte bertan oinarrizko ikastaroak zein enpresa edo erakunde bakoitzak dituen babes sistemen araberako ikastaro espezifikoak.

Enpresek ez ezik, suhiltzaile profesionalek ere bertan egiten dituzte praktikak. Parkea barruko suteetan egoerarik gaitzenak simulatzeko behar diren baliabide eta instalazioez horniturik dago, eta, beraz, horretan trebatzeko foru aldundiko suhiltzaileak aldian-aldian egoten dira Ispasterko parkean. Halandaze, otsailetik azarora bitarteko martitzen guztietan suhiltzaileen parke bitako talde bana egoten da bertan.

Ikastaro praktikoak

Suhiltzaileen jantzia, botak, kaskoa, suaren kontrako buru berokia, maskara, aire botila eta eskularruak jantzi eta teoria apur bat entzunda jartzen dira martxan ikastaroetako parte hartzaileak. Ikastaroak batez ere praktikoak dira, eta %80 baino gehiago itzaltze praktikak izaten dira.

Lehenengo, su itzalgailuak erabiltzen ikasten dute, benetako suak amatatuz, eta, ondoren, 25 eta 45 diametrodun BIE hodiak hartzen dituzte eskuetan. Sugarrak itzaltzea ez da lan erraza, eta sua dagoen lekuraino hurreratu behar dute babeserako ur zorrotada erabilita. Guztiek elkarrekin, pausoak ere neurtuta, taldean lan egin behar izaten dute suari aurre egiteko.

Enpresetakoek baino praktika gogorragoak egiten dituzte suhiltzaile profesionalek. Lau pisuko eraikina amatatu, erreskateak egin eta 700 edo 800 gradu inguruko beroari ere aurre egin behar izaten diote zenbait simulaziotan. Baina dena segurtasun kontrol handiagaz egiten da, guztia ondo ateratzea bermatuta dago, eta segurtasun horren arduradun dira Ispasterko parkeko beharginak. Denetara, sei lagun daude bertan, mantentze lanetako arduraduna, lau monitore eta Jose Miguel Landa prebentzio sarjentua. Tenperaturak kontrolatu, eta ikasleak kamaren bitartez jarraitzen dituzte beharrezkoa bada haizea kendu edo guneak urez betetzeko. Orain arte, baina, ez dute horrelakorik behar izan, “dena kontrolpean” izaten dute eta.

Ingurumenari egokituta

Ispasterko bidegurutzera ailegatu eta metro gutxira dago parkea, zuhaitzez inguratutako gunean. Hori dela eta, instalazioak ingurumenari egokituta daude. Egurrezko etxeak dituzte eskolak emateko eta aldageletarako, eta euri ura birziklatzen dute itzaltzeak egiteko. “Gutxi gorabehera, lantza batek 300 litro botatzen ditu minutuko, eta, normalean, hiru edo lau lantza erabiltzen ditugu praktika bakoitzean”, diote parkeko arduradunek. Ur hori guztia erabili ahal izateko, euri uraren 50.000 litroko erreserba daukate parkean bertan.