Lore Jokoen historiaren lekuko

Mungiako Udaleko erakusketa aretoan Anton Abbadiaren Lore Jokoetako afixak erakusketa dago. Lore Jokoen historia biltzen duten hemeretzi argitalpen dira. Hendaiako Abadia gaztelutik ekarri zituzten urrian, eta abenduaren 3ra arte egongo dira ikusgai jarrita.

Hendaian, 2011ko apirilean omendu zuten Anton Abbadia, eta omenaldi horretarako egin zituzten faximilak —originalen kopiak— dira. Izan ere, argitalpen originalak Parisko Liburutegi Nazionalean daude.

Mirenbe Bilbao Mungiako Udaleko Kultura zinegotziaren berbetan, aurtengo Lore Jokoen jaia prestatzen zebiltzala pentsatu zuten erakusketa hau antolatzea. “Orduan, Hendaiako Udalekoekin adostu genuen afixak ekartzea”, azaldu du. Bilbaok zehaztu du afixak gaztelutik ateratzen dituzten lehen aldia izan dela.

2005ean hasi ziren Mungian Lore Jokoak antolatzen; Lauaxetaren jaiotzaren mendeurrenean, hain zuzen. Ordutik, urtero, gai historikoren bati buruzko antzezpena egin dute mungiarrek. Aurtengoa urriko azken domekan egin zuten, eta garai bateko Lore Jokoak antzeztu zituzten. Abesbatzen lehiaketa, bertsolariak, dantza txapelketa, poesia, antzerkia… Hainbat ekitalditan parte hartu zuten herritarrek.

2012an Mungiako Udalak Euskal Pizkundea osatzen zuen belaunaldiaren omenez antolatu duen programaren barruan egin dute. Belaunaldi horretakoa izan zen Lauaxeta “herriko semea” ere; eta guztiek euskararen eta euskal kulturaren alde egindako lana omendu nahi izan dute.

Garai batekoak eta egungoak

Iragana eta oraina bildu dituzte erakusketan. Izan ere, Hendaiatik ekarritako argitalpenekin batera, azken urteetako zortzi kartelak daude bertan. Baita egun horretarako egiten dituzten fikziozko egunkariak ere. 100 urte atzera egin eta asmaturiko albistez eginiko egunkariak dira.

1851. urtean Urruñan (Lapurdi) Anton Abbadiak antolaturiko lehenengo Lore Jokoetatik, egungoetara; ibilbide hori egiten du erakusketan bisitariak. “Ordena kronologikoan antolatu ditugu” azaldu du Kultura zinegotziak.

Baigorriko (Nafarroa Beherea) 1857.urteko kartela, Saran (Lapurdi) 1864.urtean egindakoa, Berako (Nafarroa) 1895.urtekoa eta Azkainen (Lapurdi) 1900. urtean egin ziren Lore Jokoena, besteak beste. Tartean dago, esaterako, Hego Euskal Herrian egindako lehenengo Lore Jokoen kartela. Hain zuzen ere, Elizondon (Nafarroa) izan zen, 1879. urtean.

Era berean, aretoan badaude data jakinik gabeko afixak ere; Markinan eta Iurretan egindako jaienak, besteak beste. Alabaina, badakite hemeretzi argitalpenak XIX. mende erdialdetik XX. mende hasiera bitartekoak direla.

Anton Abbadiaren Lore Jokoetako afixak erakusketa garaian garaiko eta tokian tokiko hizkeraren erakusgarri da, Bilbaok dioenez: “Egun euskaraz idazten dugun bezala idatzita egon ez arren, oso ondo ulertzen dira”. Halaber, tokiko euskalkian idatzita ageri dira; Euskal Jaiak, Euskal Festak edota Euskal Bestak gisa iragartzen zituzten. Bestalde, batzuk euskera hutsean daude; beste batzuetan, berriz, gaztelaniazko edota frantsezezko berbak ere ageri dira. Fiestas euskaraz edo Pais basque eta antzeko berbak.

Bestalde, XIX.mende amaierako eta XX.mende hasierako gizartearen isla ere badira kartelak. Izan ere, emakumeen eta gizonezkoen desberdintasuna nabaria da. Mungiako Udaleko Kultura zinegotziaren berbetan, emakumeentzako sariak gizonezkoenak baino “apalagoak” ziren.

Bitxikeriak ere ez dira falta afixetan. Horren adibide da 1886.urtean Urnietan egin ziren Lore Jokoetako kartelaren amaieran ageri dena. Ohar modura, jartzen du c asko agertzen direla, k nahikorik ez zutelako eta c letra agertzen den lekuan k behar zuela. “Horrek erakusten du garaiko inprentak nola funtzionatzen zuten”, esplikatu du Bilbaok.

LORE JOKOEN KARTELAK

Zer.Anton Abbadiaren Lore Jokoetako afixak erakusketa.

Non. Mungiako Udaleko erakusketa aretoan.

Noiz arte. Abenduaren 3ra bitartean.

Ordutegia. Barikuetan, 18:00etatik 20:00etara; zapatuetan, 17:00etatik 20:00etara; eta domeketan, 11:00etatik 14:00etara.