“Lehorrekoak kostako hizkerak baino pisu handiagoa du batuan”

“Beste herrietako hizkerekin alderatuz, oso ezberdina dute, eta euren artean ere bai. Baina lexiko aldetik badituzte antzeko gauzak, jendeak uste duenaz bestera. Batez ere, arrantzari dagokion lexikoan igartzen da. Nik uste hor baduela zerikusirik historiak”. Andres Urrutia Badiola (Bilbo, 1954) euskaltzainburuak onartu du lemoaztar bat eta igorreztar bat ez direla lehen kolpean berba egiteko moduagatik desberdintzen, baina lekeitiarrak eta ondarroarrak, berriz, erraz-erraz. “Lekeitio eta Ondarroa, kostaldeko herri denak bezala, itsasora begira eta lehorrari bizkarra emanda ibili dira luzaroan, bai, baina herri biak itsasoan batu dira, eta hein batean lexiko tekniko komun bat sortu dute”.

Urrutiak dio sasoi batean lehorreko bideak ez zirela gaur egunekoen parekoak, eta komunikazioa itsasoz egiten zela nagusiki. “Nazioarteko komunikazioak ziren”. Gogorarazi du 1936ko gerra aurrera arte elikagaiak Bilbotik itsasontziz eramaten zirela kostako herriotara, ez zegoelako ez kamioirik, ez eta ia errepiderik ere. “Baita gatza ere, orduan ez baitzegoen izotzik arraina kontserban jartzeko. Ondarroan bada esaera bat: Zelan dakazu hoi? Gatza emonda. Gatza eman? Zertarako? Bazterrean utzita, esan gura du”.

Bermeotarrek ohikoa dute esatea euskara jatorra euren hizkera dela. Urrutiak arrazoia eman die, eta jatortasun hori kostalde osora zabaldu. “Itsaso aldekoak egitura batzuetan erdaldunak izan dira; baina, oro har, kostaldekoek jator eusten diote euskarari”. Gainera, gogorarazi du kostaldeko euskaldunek lehorrekoek baino harreman gehiago izan dutela erdarekin. “Ez da batere arraroa izan Atlantikoan frantziarrekin, ingelesekin eta holandarrekin topo egin eta batera ibiltzea. Barrukoek, ordea, trenik izan ez badute herrian, ez dute kanpotarrekin hartu-emanik izan”.

Truke horretatik eta itsasoko mundutik hainbat mailegu hartu dituzte, lexikoan baino agertzen ez direnak. Hona Urrutiak emandako adibideak: “Ondarroan, aurrera joatea abantin esaten da. Nondik dator? Itsasontzi baten barruan goitik behera aginduak emateko makinak hainbat izen ditu idatziak. Horietako bat da abante, aurrera joateko esan nahi duena. Nondik atera zen abantin? Bada, hor duzu erantzuna. Zelan zuz? Abantin nu. Itsasoan egunero erabili dute, eta, azkenean, herriak bereganatu egin du. “Euren esperientziatik mundua sortu dute, eta euskara horretara egokitu. Itsasoak ekarri die euskararen hizkera horiei tonu berezi dat, lexikoa, esamoldeak…” .

Onartu du kresal usaineko esamoldeotan badirela ezberdintasunak. Herri bakoitzak bereak sortu ditu. Eta hark ondoen ezagutzen duen eskualde horretako adibideak arrantzatzen jarraitu du: “Guk, Ondarroan, ipurdiari popa esaten diogu. Sekulakoak hartzeari, tollana. Lantzoi, akuli… Lantzoia arraina da, baina arrain leloa. Beraz, pertsona lantzoia leloa da. ‘Zer izan duzu, semea edo alaba?’. Lekeition mielgia izan baduzu, alaba izan duzula dakite denek. Mielga arrain bat da”.

Mundu hori, ordea, deseginez doa. Egun, Lekeitiok baxurako arrantza utzi du, eta astialdiari ekin dio. Ondarroak alturako arrantzara egin du salto; arrainari lotuta jarraitzen du, nahiz eta arrantza gain behera joan. “Biak mundu berriak dira, eta ez dira guztiz ezkontzen lehengo munduarekin eta lehengo hizkerekin”. Hala, Urrutiak dio batez ere belaunaldi gazteetan berezitasun hori leunduz doala, berdinduz.

Eta penaz onartu du hori, gainera. “Etxeko transmisioa bermatuta badago, eutsiko dio. Hiztunak beti jakingo du bereizten noiz erabili herriko hizkera hori eta noiz euskara estandarra. Erregistro batua beharrezkoa da, baina egunerokorako, kalerako, etxerako, herriko hizkera gorde behar da. Aurrean daukazuna ezagutzea, harekin konplizitatea sortzea ahalbidetzen dizu”.

Euskaltzainburuaren berbetan, lehorrak ere sortu du bere mundua, ortuari lotutakoa. “Euskara batuaren ikuspegitik, lehorreko hizkera horrek pisu handiagoa izan du itsasokoak baino. Kostakoa exotikotzat hartu izan da. Bada, hizkuntza hori bizi-bizi dago; sena gorde du. Kostaldeko herri horietan euskara erabiltzen da, egoera guztietan, edozertaz berba egiteko. Euskara batuak hori guztia jaso behar luke, katalogatu, baina baita erabilera eman, bereganatu ere”. Kostako berba horiek euskara estandarrean txertatzeko zeregina akademiarena da. Lehorrekoekin egiten da: “Arratia aldean arean bere erabiltzen da. Kostakook ez dakigu zer den, eta beste euskalkietako hiztunek, zer esanik ez. Baina euskara batuan sartu dugu. Arean ere. Lokailu polita izan daiteke, testuaren monotonia apurtzeko”.

Mundu horrek literaturan izan duen isla eskasak ere penatzen du. “Denok esaten dugu Txomin Agirreren Kresala egundokoa dela. Baina kuriosoa da: zenbat itsas nobela daude euskal literaturan? Gutxi. Kostaldeko makina bat idazle daude, baina arrantza giro hori bere laztasun guztiarekin islatzen duen eleberririk ez dut ezagutzen. Hori falta dugu”.