Katu begiokerren bluesa

Kontzertua

Leioa eta Ermua

Bluesa, rocka, swinga, soula… Era eta estilo askotako musika moldeak taularatuko dituzte gaur eta bihar Los Gatos Bizcos taldeko kideek. Joan den eguaztenean, Basauriko Sozial Antzokian kontzertu arrakastatsua eman zuten, eta, gaur, Leioan izango dira, Kultur Leioan, hain zuzen ere, 22:00etan hasita. Bihar, bestalde, Ermura egingo dute salto, eta Lobiano kultur etxean emango dute kontzertua, 20:00etan hasita.

Eddie C. Campbell blues estiloko legendari esker finkatu zen Quique Gomez —ahotsa eta harmonika—, Pablo Sanpa —gitarra eta koroak—, Hector Rojo —kontrabaxua eta koroak— eta Petek —bateria eta koroak— osatzen duten taldea. Izan ere, Gomezek gogora ekarri duenez, “musika jotzeko elkartzen ginen laurok; proiektu bat definitu gabe, ordea. Eddie Txikagon ezagutu nuen, eta Europan zehar egindako bira batean aritu ginen elkarrekin, 2010 eta 2011 urteetan; gu izan ginen kontzertuetarako haren banda. Harekin egin genituen hiru aste haien ondoren, taldea finkatu eta sendotu egin zen, eta konposatzeari ekin genion”.

Orduz geroztik, lanean hasi ziren, eta euren lehenengo diskoa eratu zuten: I can’t Believe my Eyes. Horixe da gaurko eta biharko kontzertuetan zuzenean aurkeztuko duten lana. Taldeak berak konposatutako kantak dira guztiak. Tartean, omenaldiren bat edo beste ere bada abesti horietan. Besteak beste, Eddie C. Campbelli egindakoa interpretatuko dute: That’s when I know.

Amerikar estilo peto-petoa

Gatos Bizcos taldearen emanaldiak zuzenean ikustera doanak beste garai batera eramango duen musika eta taularatzea aurkituko ditu. Hain zuzen, amerikar estilo peto-petoa nagusi den garaia aurkituko dute ikusleek.

Laukotearen musikan hainbat joera eta eragin nabari diren arren, musika beltz afroamerikarra ageri-agerian dago haien errepertorio osoan.

KONTZERTUAK

Gaur. Leioan izango dira, Kultur Leioan, hain zuzen ere, 22:00etan hasita.

Bihar. Ermuko Lobiano kultur etxean, 20:00etan hasita.