Kaleratzeek utzitako orbana

G

Formicako langileek 59 egun daramatzate itxialdian. Hainbat langile kaleratu eta enpresako materiala Ingalaterra eta Valentziara eraman nahi dute enpresaren jabe den multinazionalaren ugazabek.

Bankuetan daude eserita jubilatuak, berriketan. “Kaleratzeak eguneroko gaia dira Galdakaon”, dio Jose Mari Agirrek. 35 urtez ibili zen Formica enpresan lanean, eta 16 daramatza erretiratuta. “Lagunak eta senitartekoak ditut bertan lanean, eta benetan tristea da gertatzen ari dena; miseria baino ez dago”. Inpotentzia sentitzen dutela diote, eta ezkor ageri dira batzuk, “ez dute ezer ere lortuko”.

Aitor Angulo lekeitiarra da, baina Galdakaora ezkondu zen, eta, egun, bertan bizi da. Kaleratze horiek herriarentzat “kolpe gogorra” izan direla aitortu du, galdakoztarrak baitira langile gehienak. Hori dela eta, asko hitz egiten da gaiari buruz. Dendetan nabaritu egiten da jendeak ez duela dirurik.

Gazteen artean ere hizpide dira inguruko enpresetan gertatzen ari diren kaleratzeak. “Jendea beldurtuta dago”, dio Julia Alegre galdakoztarrak; izan ere, kaleratze horiek herri osoan dute oihartzuna. Astero egiten omen dituzte mobilizazioak Formicako langileek. “Udaletxeraino egiten dute martxa, burrunbada eginez”. Jenifer Heras gazteak Bridgestonen du lanean neba, eta bertako langileen egoera ere “nahiko kaskarra” dela dio. Izan ere, Bridgestone pneumatikoen multinazionalaren zuzendaritzak kontratuak iraungitzeko espedienteak aurkeztu zizkion joan den astean hainbat enpresatako ordezkariak dituen batzordeari. Usansolo eta Basaurin dituen fabriketan 200 langiletik gora botako dituztela ohartarazi dute.

Eragina herriko negozioetan

Galdakaoko dendetan ere eragina izan dute kaleratzeek. Sira Sebastian perfumeak eta opariak saltzen dituen denda txiki baten jabea da, eta enpresek hartutako neurrien eragina pairatu du bere negozioan. 200 metro koadroko lokala zuen lehen, herriko beste auzo batean, baina utzi egin behar izan zuen, negozioa okerrera joan baitzen. “Bezeroek behin eta berriz egiten zuten komentario berbera: ‘Senarra kaleratu dute, eta gastuak murriztu beharko ditugu'”. Izan ere, Formica eta Bridgestonen Galdakaoko bizilagunek lan egiten dute, eta jendeak dirurik ez duenean, ohi baino erosketa gutxiago egiten ditu. Hartara, herriko negozioetan eragin zuzena dute enpresa horietako kaleratzeek.

Leo Garciak Galdakaoko taberna batean lan egiten du, eta berak ere igartzen du dirurik ez dagoela. “Egia esan, leku guztietan nabaritzen da krisiaren eragina”. Garciak dioenez, ez da inor ere gogoratzen enpresa handientzat lan egiten duten tailer txikiez, baina horiek ere pairatzen dituzte enpresen itxierak. Anaia bi ditu Formica enpresan lanean, eta giroan “ziurtasunik eza eta zalantza” dela nagusi dio tabernariak. “Oraindik ez dakigu zer gertatuko den enpresarekin, ezta langileekin ere”. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek proposamenak egin dizkie Formicako buruei, hala ere, enpresako buruzagiek ez diete kasurik egin. Garciak azaldu duenez, mobilizazio ugari egin izan dituzte langileek, irailean. Bai Bilbon eta baita Madrilen ere, atera ziren kalera, enpresako zuzendaritzaren erabakiaren aurka egiteko.