Herdoilduta jarraituko du

Urte hasieran polemika piztu zuen proiektu bat bertan behera geratu da: Abadiñoko Atxarte eta Atxa Txikiko harrobiak berreskuratzeko Adifek —Espainiako trenbide azpiegiturak kudeatzeko enpresa—egindako proiektua ez da gauzatuko. AHTaren hondakin lurrekin harrobiak betetzeko plana “baztertuta” dagoela adierazi du Abadiñoko alkate Jose Luis Navarrok (Abadiñoko Independenteak).

Hortaz, oraingoz, harrobiak bere horretan mantenduko dira. Navarrok esan du ez duela “bakarrik” proiektuarekin aurrera jarraituko. Haren ustez, aukera paregabea zen harrobiak lehengoratzeko: “Gure alderdiaren ustez, proiektu egokia zen; dirurik gastatu gabe harrobiak berreskuratzeko aukera galdu dugu”.

Abadiñoko alkateak azpimarratu du proiektua harrobiak “berreskuratzeko” zela, eta ez abiadura handiko trenaren lanen hondakinentzat zabortegia egiteko. Hain zuzen ere, horixe izan zen polemikaren arrazoietako bat; Adifek aurkezturiko proiektuaren interesak benetan zein ziren argi ez egotea, alegia.

“Hasieratik ikusi genuen AHTaren hondakinen hondakindegi bat egiteko proiektua zela”, esan du Aitor Azueta Bilduko zinegotziak. Haren ustez, berreskuratze moduan “saldu” nahi izan zuten proiektua. Hori ez dela modua nabarmendu du Azuetak: “Ez da normala enpresa batek harrobiak berreskuratzeko proiektu bat aurkeztea”.

Ildo beretik mintzo da Eneko Etxebarria zinegotzi jeltzalea: “Gure ustez, ez da izan harrobiak berreskuratzeko proiektua; Adifen nahiak betetzeko proiektua baizik”. Abadiñoko “herriaren interesei erantzuten dien proiektua izan beharrean enpresa jakin baten interesen mendeko proiektua” dela argi dute.

Halaber, eztabaida piztu zuen Ingurumenaren Eraginerako Azterketak ere. Abadiñoko Udalak Eusko Jaurlaritzari Adifen proiektua aurkeztu zionean, Jaurlaritzak esan zuen ez zela beharrezkoa azterketa hori egitea. Eragina “gutxienekoa” izango zela argudiatuz hartu zuen erabakia gobernuak.

Alabaina, erabakiak hautsak harrotu zituen. Izan ere, Urkiolako Parke Naturalaren barruan daude harrobiak. Oposizioko alderdiek ez ezik, Bizkaiko Foru Aldundiak ere adierazi zuen ezinbestekoa zela Ingurugiroaren Eraginerako Azterketa egitea.

Alkateak dio “ingurura egokitutako” proiektua zela. Azaldu du, Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko onespena zuenez, ez zuela uste Urkiolako Parke Naturalari kalterik egingo zionik.

Auzokoekin berba egin ez izana ere gaitzetsi du oposizioak. Etxebarriak dioenez, Mendiolako auzotarrekin ez da hartu-emanik egon; ez zaie informaziorik eman. Gogoratu du beraiek jasan zituztela ustiapenaren ondorioak eta, orain, zerbait egiteko asmoa badago zentzuzkoa dela haiekin berba egitea.

Harrobien etorkizuna

1990eko hamarkada erdialdean amaitu zen harrobietako jarduna. Ordutik, makinaria zaharra bertan dago. Herdoilduta daude kamioiak, eta askoren lekuan gurpilak baino ez dira geratzen. Garai bateko jardunaren lekuko isilak balira bezala.

Abadiñoko Bilduk eta EAJk uste dute Atxarte lehengoratzea alkateak uste duen baino diru gutxiagorekin egin litekeela. Diotenez, irtenbiderik merkeena eta egokiena harrobia txukuntzea da. Ustiatzen zuen enpresak eginiko hormak bota eta makineria eta burdineria guztia ateratzea proposatzen dute, gero ingurua garbitzeko.

Azuetaren arabera, urtero berreskurapenerako diru kantitate jakin bat utzita, arazoa konpon liteke, baina, haren ustez, ez dago horretarako borondaterik. “Alkateak dio 3 milioi euro behar direla berreskuratzeko; gure ustez, ez litzateke 200.000 eurora helduko”.

Etxeberriarentzat ere ez da beharrezkoa dirutza gastatzea harrobiak lehengoratzeko. Gainera, bi zatitan egin daitekeela dio: hasieran dena atondu, eta, beranduago, zuloak bete. “Baina zuloak soilik, ez Adifen proiektuan zehazten zen moduan dena bete”.

Gaur-gaurkoz, harrobien geroa zalantzan dago. Etorkizunak argituko du Atxarte eta Atxa Txiki harrobien patua. Hogei urtez abandonaturik egon den eremuan gizakiak utzitako arrastoa desagertuko da noizbait. Orduan, haitzetako kolore grisa bakarrik nabarmenduko da; makineriaren herdoil kolorerik gabe.