Etxe kaleratuei Elizaren etxeak uztea proposatu du Bizkaiko Abadeen Foroak

Bizkaiko Abadeen Foroak etxetik kaleratu dituzten familiei Elizak hutsik dituen etxebizitzak utzi nahi dizkie. Mario Izeta Bilboko gotzainari igorritako gutun ireki baten bitartez egin du eskaera elkarteak; 2010ean sortu zuten, eta 60 apaiz inguru biltzen ditu.

Hasteko, “hutsik dauden, hustu litezkeen edo pertsona batzuei bigarren etxebizitza gisa alokatuta dauden abadetxeen zerrenda” egiteko eskaera egin diote. Lan hori “epe laburrean” egin beharrekoa dela deritzote, gainera. Etxe horiek euren etxebizitzatik kaleratu dituzten familia batzuei “berehala” erabili ahal izateko eskaintzea nahi dute.

Proposatutako jarduera martxan jarri ostean, Elizako beste erakundeei —erlijioso zein laikoei— egitasmo horrekin bat egiteko deia egitea galdegin diote Izetari. Azkenik, etxebizitza kopuru handi bat betetzen hasi dela baiezta daitekeenean, “bigarren etxebizitza edo etxeak hutsik dauzkaten pertsonei ere egitasmo horrekin bat egiteko” deia eiteko proposamena egin dute.

Bilboko Elizbarrutiak, modu horretan, etxe kaleratzeen arazoari irtenbide bat ematen laguntzen duela deritzo foroak, “behin-behinekoa, behintzat”. Horrez gain, beharrezkotzat jo dute krisi ekonomikoa bultzatu duten arrazoiak salatzea ere.

Etxe kaleratzeak krisi horren ondoriorik larrienak direla deritzo Bizkaiko Abadeen Foroak. Eta egoera hori are larriago bihurtu dela adierazi dute azkenaldian gertatutako suizidioak gogora ekarrita.

Etxe duin baten alde

Hainbat gizarte eragilek manifestazioa iragarri dute biharko Bilbon, herritar orok etxebizitza duin bat izateko duen eskubidea aldarrikatzeko. Horrez gain, etxe kaleratze guztiak behin betiko bertan behera uzteko eskatuko dute. Etxebizitza Publikoaren Institutu baten sorreraren beharra ere aipatu dute deialdia egin duten taldeek, besteak beste, ELAk eta LABek. 17:30ean aterako da manifestazioa, Jesusen Bihotza plazatik.