‘Burocrazya’ eta txanpon askeak

Atzerrira noa lanera. Abenduaren bigarren astean hartuko dut hegaldia, eta uztailera arte Kalifornia idorra izango dut bizileku: telebistan agertzen diren hondartzetatik ordu pare batera dagoen Bakersfield, hain zuzen. Gogotsu noa, pozik, erronkak norbere buruarekin pultsu bat bezalakoak direlako. Eta pultsu honetan apustuak oso pareko dabiltza. Edozelan ere, alegiazko alde batek zein besteak irabazi, emaitza beti alde. Bakoitzaren biografia betetzen duten kapituluak baitira bizipenak —onak zein txarrak—.

Maleta eta planak antolatzen nabilen aste gozo (eta zoro) hauek, baina, mikazterik badago, hainbeste izapide gora eta behera. Vincent de Gournay ekonomista frantziarrak ederra bota zion, horren harira, bere herrialdeko sistemari XVIII. mendean —eta, zer arraio, bazuen arrazoi pixka bat behintzat, aberats liberaloidea izanagatik?—: “Badugu Frantzian gaixotasun bat, geure esfortzuak trabatzea baino ez duena helburu; buromania deritzo”. Samako ederra eman zien aurkari politikoei, hitz ederra asmatuz gainera: buromania. Pena da berba hori, urteekin, burokrazia bihurtu izana hiztegietan, maniatik asko baitu sistema honek (hitzaren esangura psikiatrikoenean); herritarrak zoratu arteko mania ere. Burocrazya.

Labur azalduko ditut kontratuarekin eta dokumentu guztiak behar bezala izanda ere (orain arte) egin behar izandakoak —todoenregla-ren diktadurak eztabaida luzerako ematen du ere, baina beste baterako utziko dut—: 1.- Kontratatuko zaituen enpresari pasaportean ageri diren zure datuak igorri posta elektronikoz; 2.- Enpresak, posta arruntez, betetzeko bi formulario bidaltzen dizkizu. Datu batzuk beraiek idatzita daude eta, akatsik egotekotan, prozesua berriz hasi behar da (niri gertatu zitzaidan); 3.- Formularioa onartua izateko Etxe Zuriak begirunez adierazten dizun kontu korrontean 220 dolar sartu behar dituzu (kasu desberdinetarako prezio ezberdinak dituzte; edonola ere, Internet bidez, klik batekin eginda dago); 4.- Enbaxadan zita eskatu eta ematen dizuten egunean hamarretik gora agiri eraman. Tartean, Internet bidez bete beharreko beste formulario eternal bat eta, noski, onartua izateko, 125 euro sartu behar dituzu begirunez adierazten dizuten kontu korrontean (Internet bidez, klik batekin eginda dago); 5.- Enbaxadako segurtasun neurri guztiak pasatu ostean —terroristagai asko dago munduan— argi utzi (agiriak frogagarri) ez zarela beraien herrialdean behar baino gehiago geratuko; 6.- Itxaron, bisa ematen dizuten ala ez deliberatzen duten arte. Hitz bitan: hilabete bi eta erdi atzera eta aurrera, 300 euro inguru, eta itxaron. Ez da buromania amorru gehien ematen didana, baizik eta gizakiok bidaiatzeko jasan behar dugun guztia ezagututa, diruak mugitzeko duen erraztasuna ikustea. Burocrazya eta txanpon askeak. Horrela gabiltza.