“Neska batek itsasoan zeukan mutilari deitzeko erabiltzen zuen”

Jesus Madariaga (Arrieta, 1934) Arrietako Agirre auzoan daukan baserrian bizi da. Etxean auzokoentzako telefono zerbitzua izan zuen 1980ko hamarkadan. “Zerbitzu ona” egin zuela dio, beharrizana zegoelako.

Zer dela-eta erabaki zenuten telefonoa jartzea?

Alkateak proposatu zigun telefonoa etxean jartzeko, beste baserrietan ipini arte. Zerbitzu publikoa amaitzen zenean telefono linea guretzat izango zela esan zigun.

Noiz ipini zenuten?

1982.urteko urrian ipini ziguten. Lau urte inguru eduki genuen auzokoentzako telefono zerbitzua.

Zenbat balio zuen telefono zerbitzuak?

Pausoka ordaintzen zen; hau da, bakoitzak hitz egiten zuen denboraren arabera. Normalean, 20 eta 30 pezeta artean kostatzen zitzaien. Telefono aurkibide bat geneukan etxean. Izan ere, normalean, jendeak deitu nahi zuen lekuko zenbakia ekartzen zuen idatzita, baina beste batzuetan ez zuten buruz jakiten. Askotan, gainera, nik markatzen nien deitu nahi zuten lekura.

Eguneko edozein momentutan joaten al ziren auzokoak?

Ez, 08:00etatik 22:00etara eskaintzen genuen zerbitzua, gutxi gorabehera. Beranduago ez genuen onartzen, normalean.

Jende askok erabiltzen al zuen?

Bai, gure auzoko jendeaz gain, inguruetako auzoetakoak ere etortzen ziren. Baita Sollubeko artzainaren etxetik ere.

Nora deitzen zuten?

Jendeak gehienbat familiari deitzen zion: Algortara, Bilbora, Fikara, Ameriketara… Beste batzuek, esaterako, medikuari edota bikoteari hots egiten zieten. Gogoratzen dut neska batek itsasoan zeukala mutil-laguna, eta portura heltzen zenean neskak hemendik deitzen zion.