Menpekotasuna duten pertsonen laguntza eskaerak bi hilabetean ebaluatzen ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, eta espedienteak sei hilabetean ebazten ditu. Hala baieztatu du Pilar Ardanza Gizarte Ekintzako ahaldunak. Joan den eguaztenean agertu zen Batzar Nagusietako Gizarte Ekintza Batzordean, PSE-EEk eskatuta, aurreko legegintzaldian menpekotasuna edo ezgaitasunen bat duten pertsonen egoerari eta beharrizanei dagokienez onartutako ondorioak eta gomendioak zertan dauden azaltzeko.
Zerbitzuari esker udaletara iritsitako eskaerei dagokien koordinazioan izandako hobekuntzak ere aipatu zituen —112 udalerritik 101ean dago indarrean—. Eguneko zentroen ordutegiak malgutzeko lan handia egin dutela ere adierazi du. Zainduz programak zaintzaileen beharrizanen %90 asetzen dituela ere azaldu du, eta gogora ekarri ditu etxebizitzak egokitzeko Gizatek programaren bitartez eskaintzen dituzten laguntzak.
Bilduk, bestalde, ez-arauzko proposamena eraman du batzordera pertsona berberak zerbitzuak eta prestazioak, biak jasotzeko aukera izan dezan. Gaur egun diru laguntzak jasotzen dituztenek ez dute eguneko zentroetara jo edo etxean laguntza jasotzeko aukerarik. Bateragarritasun hori Araba eta Gipuzkoan gertatzen dela dio koalizioak.
EAJk eta PPk, ordea, atzera bota dute proposamena, alor hori Eusko Jaurlaritzak arautuko duelako. PSE-EEk babestu egin du, aurrekontuak aurkeztu orduko hori planteatzeko “une egokia” dela iritzita. Proposamena atzera botatzeko emandako eskumenen argudioa ez du onartu Bilduk, eskatutako aldaketak egiteko eragozpenik ez dagoela arrazoituta.