“Hizkuntzak jakiteak berebiziko garrantzia dauka, baita berton lan egiteko ere”

Krisiak bultzatuta, edo etorkizunera begira lan esperientzia sendotzeko asmoz, gero eta gehiago dira lanpostu baten bila atzerrira jotzen dutenak. Eures enpleguaren lankidetzarako sareak bideratu eta kudeatzen ditu eskaintza eta eskari horiek. Sare horretako aholkularia da Bizkaian Dolores Goitiandia (Zornotza, 1955). Asteon Prestik enplegurako azokan izan da, Euskaldunan.

Zer-nolako gazteak gerturatu zaizkizue azokan eta zeren bila joan dira?

Era guztietako gazteak gerturatu zaizkigu, unibertsitate ikasketak zituztenak, baita ez zituztenak ere. Hemendik kanpo, lana nahi zuten; ez beste herrialde batzuetara joateko gogoz daudelako, lan egiteko beharrizanak bultzatuta baizik.

Eta zer da zuek eskaintzen duzuena?

Eures Europako enplegu sarea da; 31 herrialde gaude bertan sartuta. Zerbitzu publikoen sare bat gara. Beraz, herrialde guztietan dauden lanpostuak eskaintzen ditugu.

Europako herrialdeetakoak, beraz.

Hala da, bai, eta garrantzitsua da zehaztapen hori egitea. Izan ere, askok jotzen du guregana Hego edo Erdialdeko Ameriketan lan egiteko asmoz, gaztelania ez beste hizkuntzarik ez dakitelako.

Sare bidez lotuta dago Eures. Beraz, esaterako, Norvegiako enpresaburu batek bere herrialdean ez badu aurkitzen behar dituen langileak, bertako Eures aholkulari batekin jartzen da harremanetan, eta hark lanpostu horren berri zabaltzen du Eures atarian, Europako edozein herritarrek lanpostu horretara aurkeztu ahal izateko. Langile bat behar duten enpresaburuak eta lana euren herrialdeetatik kanpo aurkitu nahi duten beharginak hartzen ditugu guk, beraz.

Prestik azokara zenbat lan eskaintza eraman dituzue?

Zenbait herrialdetan sor daitezkeen itoguneak antzemateko lana ere badu Euresek. Norvegian, esaterako, mekanika eta ontzigintza ingeniariak behar dituzte petrolio konpainia batzuetan. Bertako hiru enpresak hamabost lanpostu ingururen eskaintzak ekarri dituzte azokara.

Frantziako enpresa batek, berriz, elektrikariak behar zituen. Lan elkarrizketak egin dituzte eta urtarriletik aurrera hautagaietako hiru kontratatzea erabaki dute. Ikus daitekeenez, beraz, ez dira ingeniaritza alorrekoak soilik azokara ekarri ditugun eskaintzak; bestelakoak ere izan dira, trebakuntza txikiagokoak.

Esan ohi da lanaren etorkizuna ingeniaritzetan dagoela. Hala ikusten duzue zuek?

Dena ez da zuria edo beltza. Norvegian, une honetan, ingeniaritza ikasketak egin dituztenak behar dituzte, batez ere. Ontzigintza alorrekoak, mekanikoak, diseinu mekanikokoak, elektrikoak… Ingeniaritza industriala, oro har. Telekomunikazio ingeniaritzan edo zibilean, ordea, geldirik daude. Horrek, ordea, ez du esan nahi orain ingeniaritza ikasketak hasi eta lau urteren buruan bukatutakoan merkatuak gaur egun dagoen bezala jarraituko duenik.

Osasun arloko profesionalak eskatzen dituzte, berriz, Europako herrialde gehienek. Erresuma Batuan erizainak behar dituzte, Finlandian ere kontratatu dituzte erizain batzuk, Belgikan ere behar dituzte…

Zein gomendio emango zenieke gazteei lan munduan sartzeko izan behar duten prestakuntzari dagokionez?

Hizkuntzak jakiteak berebiziko garrantzia dauka; ez herrialdetik kanpo ateratzeko soilik, baita Bizkaian bertan lan egiteko ere. Izan ere, globalizazioaren ondorioz, hemen kokatutako enpresa askok merkatua beste herrialde batean daukate.

Ez da zertan ingelesa izan. Norvegia edo Herbehereetako enpresek, esaterako, komunikazio maila egokia eskatzen dute ingelesez, langileak bere burua onena gisa aurkeztu ahal izateko. Hara lanean doanak, ordea, norvegieraz, finlandieraz edo nederlanderaz ikasi beharko du, herrialdearen arabera.

Horrez gain, herrialdeen arteko kultura desberdintasuna ere aipagarria da. Norvegian edo Herbehereetan, esaterako, jakin badakite euren hizkuntzak ez daudela zabalduta. Beraz, ingelesa ezagutzen duten hautagaiak hartzen dituzte, eta euren hizkuntza irakasten diete ondoren.

Alemanian, ordea, profesional bikaina eta esperientzia handikoa izan ezean, alemanez ez dakienak oso zail dauka lana aurkitzea. Beraz, ingelesak ate asko zabaltzen ditu; ez, ordea, guztiak.

Lana bilatzen jakitea ere garrantzitsua izango da.

Bai, hori ere gakoetako bat da. Gazteak curriculum vitae on bat egitearen garrantziaz jabetzea nahi dugu. Izan ere, aipatutako kultura desberdintasunen ondorioz, herrialde bakoitzak enpresa egitura desberdinak ditu. Beraz, oso garrantzitsua da curriculuma behar bezala bidaltzea hautagai hori kontuan har dezaten. Hemen egiten diren curriculumak enpresa ingeles bati bidaliz gero, oso aukera gutxi izango ditu hautagaiak. Izan ere, Ingalaterran enpresek ez dute argazkirik eta jaiotza urtea jartzerik nahi, adibidez.

Euresen beste lanetako bat da era horretako aholkuak ematea: zelan idatzi Alemaniarako curriculum bat edo Norvegiarako elkarrizketa batean zelan jardun azaltzea, besteak beste.

Azken urteetan aldatu egin al da lan bila beste herrialde batzuetara jotzen duten gazteen kopurua eta egoera?

Bai. Unibertsitate ikasketak dituztenen artean, izugarri hazi da Eures zerbitzura jotzen dutenen kopurua. Kasu horretan, helburua ez da krisitik ateratzea. Barneratuta daukate beste herrialde batean denbora batez lan egiteak balio handia ematen diela euren curriculumei. Bueltatzeko helburua izan ohi dute horiek.

Prestakuntza txikiagoa dutenek lehen pentsatu ere ez zuten egiten Euskal Herritik ateratzea. Orain, ordea, bai. Gazte horiek beste ikuspegi bat daukate: ez doaz bueltatzeko asmoarekin. Joan egiten dira, beste barik. Unean bizi dira, eta aurkitzen duten egoeraren arabera, erabakitzen dute zer egin.

Zer ekarpen egiten dute Prestik eta halako azokek, zure ustez?

Zer garen argitzeko modu bat izan da guretzat. Jendeak orain badaki zer garen eta zer eskaintzen dugun. Lan esparruen alorrean ikuspegi orokorra eta zabala eskaintzen die gazteei.