Garakoiko zubia bota dute, Igorren uholdeak saihesteko

Igorreko Garakoi auzoko bizilagunek urteetan pairatu dituzten uholde arriskuak saihesteko lanak egin ditu bertako udalak. Hain zuzen, auzoan sartzeko zubia eta Bacaladera enpresaren ondoko zubia eraitsi dituzte.

Udalak gogorarazi du lanon helburu nagusia euriteen ondorioz sor zitezkeen uholdeak saihestea zela. Hori dela eta, jakinarazi dute zenbait lan gehiago egin dituztela errekaren ubidea hobetzeko. Hain zuzen, Urkizuko presa txikia gutxi gorabehera 1,30 metro jaitsi dute. Horrez gain, Ebay enpresa eraisteko asmoa iragarri dute, eta eremu horretako meandroa eraldatuko dutela azaldu.

Obrak atzeratu egin zituen udalak, zubi berriaren biribilgunearen ondoan egin dituzten lanak amaitu zituzten arte, hain zuzen, oinezkoei bazterbidetik zubiaren espaloirako bidea errazteko. Horrez gain, auzokide batzuek egindako eskaerak kontuan hartuta, proiektua eraldatu egin du Igorreko Udalak, auzorako sarbidea hobetu ahal izateko, batetik, eta trazadura etxebizitzetatik aldentzeko, bestetik. Eskertu egin dute aldaketa horiek egiteko behar izan dituzten lurren jabeak prest egon izana lankidetzarako.

Bestalde, eraitsitako zubia ordezkatuko duen oinezkoentzako zubi berri bat egiteko eskaerei dagokienez, zenbait arazo daudela azaldu dute. Uraren Agentziaren arabera, zubiak, uholde arriskurako planarekin bat etortzeko, 56 metroko argia izan beharko luke. Gainera, neurri horretako egurrezko zubi batek 300.000 euro balio duela adierazi du udalak, obra zibilari dagozkion gastuak kontuan izan gabe. Dena den, aukerak aztertzen ari direla diote.