Dima
Asteburu honetan Diman folk musikaz gozatzeko aukera egongo da. Hiru egunetarako egitarau zabala prestatu dute. Badago, bai, non aukeratu.
Gaur, 19:00etan, jaialdiaren aurkezpena egingo dute. Ostean, txalapartaren inguruko berbaldia eta bideo emanaldia egingo dituzte, txalapartaren historia aztertuz. Txalaparta erakustaldia ere ez da faltako. 22:00etan, Iban Nikolairen emanaldia egongo da gaztetxean. Nikolaik didjeridua jotzen du; munduko haizezko musika tresnarik zaharrenetakoa da —40.000 urtetik gorako historia du—, eta australiar aborigenen kulturatik dator.
Bihar izango da Folkean 12 jaialdiaren egun handia. Izan ere, biharko egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean, 11:00etatan hasita, Luthier azoka eta musika tresnen tailerrak egongo dira plazan. 13:00etan, kalejira egingo dute, zanpantzar, albokari eta trikitilariekin.
Herri bazkaria
15:00etan herri bazkaria izango da frontoi txikian. Tiketak Dimako tabernetan daude salgai. Bazkalostean, Usansoloko Oinarin dantza taldearen eskutik dantza tailerra egongo da.
Arratsaldean, berriz, 19:00etan 13 doinu gaixorik larri dauden presoentzat emanaldia egingo dute. Ondoren, zapatu gaua girotzeko, hainbat kontzertu egongo dira. Frontoian, 20:30ean, Kherau folk taldearen kontzertua egongo da. Ostean, Korrontzik eta Oinkari dantza taldeak Infernuko hauspoa ikuskizuna eskainiko dute. Bestalde, gaztetxean, 21:00etan, Dead Bronco taldea arituko da.
Domekan, jaialdiaren azken egunean, 13:00ean kalejira egingo dute, gaitero, erraldoi eta buruhandiekin. Kalejira amaitutakoan, talo tailerra eta taloak jateko aukera egongo da plazan.
Eguna biribiltzeko, arratsaldean, Lenauko erromerie egongo da Argi eta Ikerregaz, 17:00etan hasita. Baserritar jantzita doazenen artean, jantzirik dotoreena duenarentzat sari eder bat egongo da. Halaber, erromeriaren atsedenaldian, alboka bat zozkatuko dute.
FOLKEAN 12
Noiz. Gaur, bihar eta etzi.
Non. Diman.