Euskal Herriko bost musika taldek joko dute bihar BEC erakustazokan

Esne Beltza, Zea Mays, Zuloak, Willis Drummond eta Berri Txarrak. Bost talde horiek igaroko dira bihar Barakaldoko BEC erakustazokako Bizkaia Arenako agertokitik, BECatu jaialdian. Berezia izango da ikuskizuna, eta ez bakarrik “punta-puntako taldeak” egongo direlako, Gotzon Barandiaran antolatzaile taldekoak esan duenez.

Esne Beltzak, udan herrietako plazak bete ostean, BECen amaituko du ekainean hasi zuten Freedom Tour 2012 bira. Zea Maysentzat, berriz, BECatu jaialdikoa izango da emango duten azken kontzertuetako bat, bolada bateko atsedenaldia hartu baino lehen. Zuloak taldea, urtebeterako proiektua izaki, zuzenean ikusteko aukera gutxi egongo da, eta horietako bat izango da BECekoa. Willis Drummond lapurtarrek atera berri duten lana aurkeztuko dute, A ala B, doinu rockeroz beteriko diskoa. Berri Txarrak taldea Haria biran murgilduta dago, eta laster ekingo die Europan zeharreko kontzertuei. Hori dela eta, “emanaldi berezia” prestatu dutela iragarri du Gorka Urbizu taldearen gitarra jotzaile eta abeslariak.

Sarrerak 17 euroan daude salgai aurretiaz, www.becatu.com webgunean, eta bertako txarteldegian 20 euroan eskuratu ahalko dira egunean bertan. Arratsaldeko seietan irekiko dituzte erakustazokako ateak.