Datorren urtean 0,86 euro garestituko da, batez beste, uraren faktura

Uraren fakturak gora egingo du datorren urtetik aurrera. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak onartutako tasa berrien arabera, Bizkaiko etxe gehienetako hileko fakturetan, batez beste, 0,86 euroko igoera erregistratuko da. Gutxi gorabehera, %10 egingo du gora uraren prezioak. Bilduk neurri horren kontra bozkatu zuen astearteko batzarrean, eta PP abstenitu egin zen.

Hiru hilean 25 metro kubikotik behera kontsumitzen duten erabiltzaileek 48 zentimo gehiago ordainduko dituzte hilean. Partzuergoaren bezeroen %60 dira horiek. 25 eta 75 metro kubiko ur artean erabiltzen dutenek nabarituko dute gehien igoera: 1,63 euro gehiago ordainduko dituzte. 75 metro kubikotik gora kontsumitzen dituztenen hileko faktura 7,46 eurotan garestituko da.

Bildu koalizioko kideek igoera horiek kritikatu zituzten. Haien iritziz, “kontsumitzaile arduratsuak saritu eta neurrigabeko kontsumoa zigortuko duen tarifa sistema” ezarri beharko luke partzuergoak. Era berean, “kudeaketa eredu publiko eta zuzenaren” alde egiten dute. PPren ustez, baliteke igoera horiek gauzatzeko une egokiena ez izatea. Ibon Areso partzuergoko presidenteak, azkenik, Bizkaiko urik merkeena partzuergoarena dela esan du.