Baliabide gutxiko bilbotarren etxea

Sasoi batean lotsaz aitortzen zuten egoiliarrak izan zirela Bilboko Erruki Etxe Santu eta Errealean egondakoek. Gerora, izen txar hori izen on bihurtzen jakin izan du erakundeak berak. 1762an sortu zuten, eta egun ere martxan dirau. “Kalean zeuden Bilboko txiroak eta baliabiderik bako umeak hartzeko jarri zuten martxan. Gerora, nagusiak eta umeak hartzen zituen”, gogoratu du Antonio Barandiaranek. Ia bi hamarkadaz erakundeko zuzendari izan da; kargu hori bete dutenetan apaiza ez den bakarranetarikoa da.

XX. mendean, umeak hartzen zituzten, eta bizitzan autonomo izateko behar zuten heziketa eskaintzen zitzaien. Duela 50 urte erakundearen bigarren mendeurrena ospatu zuten. Hori dela eta, orduan ikasle izandakoek aurten Erruki Etxeak 250 urte betetzen dituela diote. Barandiaranek, baina, oker dabiltzala esan die. “Aurten 250 urte beteko dira Erruki Etxearen aurrekoa izan zen Pietate Etxea sortu zenetik”. Zingira kalean zegoen etxe bat zela dio, Bilboko Udalaren jabegokoa. “Anaia kapitularrak arduratzen ziren, gaur egun zinegotzi izango liratekeenak. Behar handia ematen ziela-eta kexu ziren. Ez ei zien astirik uzten udaleko kontuez arduratzeko. Horregatik, ardura hura hartuko zuen anaidia sortzeko eskatu zuten”. 1770ean jarri zuten martxan eta, Bilboko Erruki Etxe Santu eta Erreala izango zenaren araudia idatzi zuten. Espainiako errege Karlos III.ari bidali zizkioten, eta hark oniritzia eman zion 1774an. Modu horretan jaio zen Erruki Etxea.

Ongintza batzordea eratu zuten, etxea kudeatzeko. Bilboko Euskal Museoa dagoen eraikinean hasi ziren beharrean, Zazpikaleetan. Udalak zerga batzuk ezarri zituen anaidia finantzatzeko, eta bestelakoan, limosna zen diru iturri nagusietakoa. “Aurretik Pietate Etxerako zinegotziek egiten zuten modura, gero anaidiko kideek egiten zuten eskean. Dirua jaso gura bazen, ondo egin beharko zuten behar. Bestela, bilbotarrek ez zieten ezer ematen. ‘Zertarako eman, eskekoek eta behartsuek kale bazterretan jarraitzen badute?’, zioten”.

Gaur egungo lekura 1872an aldatu ziren. Bizkaiko Foru Aldundiarena zen eraikina. “Erosi egin genien, eta aurrerantzean bilbotarrei ez ezik bizkaitarrei ere lagunduko geniela adostu genuen”. 1880tik, gainera, Pauleko San Bizente Karitateko Alabak arduratzen dira Erruki Etxeaz. “Gaur egun ere zerbitzuaren gidaritza eurena da, nahiz eta langile profesionalak ere baditugun. Egoitza unitatetan daukagu banatuta, eta unitate bakoitzak moja bat du buru”, azaldu du.

Erruki Etxearen sasoirik oparoena 1920ko hamarkadan iritsi zen. 500 ume ere izan zituzten. Sarri familia handietakoak ziren, seme-alaba asko izan eta denen kargu egin ezin zuten gurasoen umeak. Adinekoak beste ehun bat ziren. 1930ean solairu berria eraiki behar izan zuten. Ume haiek, besteak beste, Francisco Escudero musika maisua izan zuten irakasle. Baita Segundo Olaeta gernikarra balleta irakasle ere. “Hau izan zen Espainia osoan eskolan gimnastika ematen zen lehenengo lekua, Suitzatik ekarria”.

Ageri denez, Erruki Etxeko umeek ez zuten edonolako heziketa jasotzen. “Oinarrizko hezkuntzaz gain, lanbide bat irakasten zitzaien. Zapatagintza, joskintza, mekanika, elektronika, iturgintza eta halako tailerrak ematen ziren. Eta ahal zutenek Batxilergoa ere ikasten zuten. Ez dira gutxi unibertsitate ikasketak egin zituztenak. Hemengo ume asko gero ingeniari, kazetari, apaiz, musikari, abokatu eta arkitekto izan dira”. Unibertsitatera joan edo beharra aurkitu arte egoten ziren Erruki Etxean. Askotan praktikak bertan zeudela egiten zituzten.

1989tik adinekoen egoitza da. 227 ohe dauzkate. “Gaur egun hori da gizarteak duen beharrizana. Denborarekin aldatuko balitz, gu ere moldatuko ginateke behartsu berrien beharretara”. Eta finantzaketa ere iturri igualtsuetatik lortzen dute. “Herentziak, testamentu zuzemenak eta halakoak sarri jasotzen ditugu”. Baita Euskal Herritik kanpokoenak ere. Ondasun horiek saldu edo alokairuan ematen dituzte. Nabaritu dute higiezinek azken urteetan izandako balio jaitsiera.

Urte hauetan bitxikeria asko gertatu dira. Barandiaranek futbol kiniela sortu zutenekoa du gogoan. Bilboko tabernetan egiten zuten apustu, eta Erruki Etxeko egoiliar bat joaten zen bila. Emaitza zehatza asmatu behar zuten. Egoiliarrak bazekienez zein zen, iruzur egin, eta bere apustua sartzen zuen poltsan. Espainiako Gobernuak kiniela hura errentagarri zela ikusita, beretzat hartu zuen. Hala, egoiliarra negozio gabe utzi zuten. “Nik ez nuen horren berri; Jose Maria Garcia kirol kazetariak kontatu zidan”.