Abade egoskorra eta gurutze egoskorragoa

Zeanuriko abade zen Juan Bartolome Alzibarren burugogorkeriari eskertu behar diogu Gorbeiako gurutzea”, gogora ekarri du Iñaki Garcia-Ubidek. Leon XIII.a aita santuak munduko mendi garaienetan gurutzea jartzeko agindua eman zuen, mende aldaketarekin batera, “fedea ospatzeko”. Alzibarrek, Gorbeia ezin zela gutxiago izan pentsatu, eta mendi batean dagoen munduko gurutzerik handiena eraikitzeko proiektua abiarazi zuen. Etzidamu 111 urte beteko dira zutik jarri zutenetik.

Gaur egun dagoena hirugarren gurutzea da. Aurreneko biak haizeak bota zituen. Garcia-Ubidek Gorbeiako gurutzearen kondaira izeneko argitalpenean dauka jasota burdinazko hiru egitura horien historia. “Gurutzearen biografoa naiz”, dio umorez. Lehenengoak 33 metro eta 33 zentimetroko garaiera zeukan. “33, noski, Jesukristoren adina gurutziltzatu zutenean”. Diru gutxirekin (50.000 pezeta) eta hiru hilabeteko epean egin zuten, hiru beharginek. Barakaldoko alkate zen Serapio Goikoetxearen tailerrean eraiki zuten. Diseinua Castro Zabala arkitekto elorrioarrarena izan zen; “garai hartan elitearen artean modan zegoen diseinatzailea”. Handik, trenez Izarraraino garraiatu eta hortik gurdietan Zarateko bizilagunek igo zuten goraino hamalau orduko bidaian. 1901eko azaroaren 12an jarri zuten gurutzea tontorrean. “Baina aitzindariak zirenez, ez zekiten nola finkatu behar zen lurrean. Eskerrak negua berandu etorri zen urte hartan. Lehen haizeteak bota zuen. Besoak ez zeuden lurrera lotuta”, azaldu du Garcia-Ubidek.

Herritarrentzat eta sustatzaileentzat kolpe latza izan zela dio. Baina beharrean jarri eta laster konpondu zituzten burdinazko hondakin haiek, tailer berberetan. 1903ko urriaren 1erako zutik zegoen berriz ere. Orduan ere loturak ez ziren behar bezala egin. 1906ko neguko lehen hotzaldiek zuri-zuri jarri zuten gurutzea. “Burdinean pilatzen den izotz horrek izugarri handitzen du egituraren pisua. Gorbeian haizeak zakar jotzen du. Beraz, haize oihal baten moduan mugitzen du, erraz-erraz”. 22 hilabete baino ez zuen iraun zutik.

Garcia-Ubidek dio hortik aurrera isiltasuna nagusitu zela gurutzearen inguruan. “Ez dago daturik. Ez dakigu noiz jarri zuten gaur egun dagoena, zenbat kostatu zen… Ezer ez. Badakigu, ordea, gaur egunera arte iritsi den hau Zorrotzako tailerretan egin zela, Bilbon”. Aurreko esperientzia ikusirik, gurutzearen egitura ia erdira murriztea erabaki zuten. Hala, zutik dagoen gurutzeak 17 metro ditu. “1909an aurkitu dugu lehen aipua. Egunkarian agertu zen korrikalari batzuk Gorbeiako gurutzera iritsi zirela. Beraz, ordurako jarrita zegoen”.

Gasteizko mendi talde batek 106 mendiren kokagunea erakusten duen orientazio mahaia jarri zuen gurutzearen alboan, 1931n. 1963an, Baskonia mendi taldeak Begoñako Ama Birjinaren irudia kokatu zuen egituraren oinetan. Asko igotzen dira urtero Gorbeiara. Urteberri egunean 3.500 eta 4.000 lagun artean igotzen dira. Garcia-Ubidek dio Frankismo bukaerako ohitura dela. “Jendeak ikurrina jasotzeko beharra zuen, eta mendira jotzen zuen, behean begi gehiegi zeudelako”. San Ignazio egunez, 5.000tik gora mendizale igotzen dira. Gurutzea bisitatu ostean, errotuta dago meza entzuteko ohitura; Bizkaiko 500 baselizen artean txikiena da, baina garaiera handienean dago. Astelehenean ere hainbat lagun igoko da, Arratia osotik. Goizean abiatzen dira, eta gurutzearen aldamenean mokadutxoa jaten dute.

Garcia-Ubideren esanetan, Gorbeiak eta haren gurutzeak zerbait berezia dute. “Euskal Herrian mendi garaiagoak baditugu. Asko dira mendizaleen jomuga: Aizkorri, Larrun, Hiru Erregeen Mahaia. Baina bakar batek ere ez du hainbeste mendizale erakartzen”. Gurasoengandik seme-alabengana igaro den esangura berezia dauka Gorbeiak, “soziologoek aztertu beharrekoa”.