Bizkaiko Batzar Nagusietako Iraskunde Batzordeak udalerrietako mugapeei buruzko foru arau-egitasmoa onartu, eta atzera bota du Usansolo Herria plataformak euren herria Galdakaotik desanexionatzeko prozesua ez mozteko eskatuz aurkeztutako zuzenketa. Oraingoz arau hori ez da behin betikoa, Batzar Nagusietako osoko bilkurak onartu arte. Horretarako hilabete falta da, eta plataformako kideek denbora hori dute EAJ eta PP jarrera alda dezaten konbentzitzeko; izan ere, horiek ez dute zuzenketaren alde egin: sei batzarkide jeltzaleek aurka bozkatu dute eta bi popularrak abstenitu egin dira.
Bizkaiko Foru Aldundiak udan onartu zuen udalerrietako mugapeei buruzko foru arau-egitasmo hori, eta asteon eman dio oniritzia Iraskunde Batzordeak. Usansolo Herria plataformako kideek kontzentrazioa egin zuten Batzar Nagusien Bilboko egoitzaren aurreko aldean, martitzen eguerdian, batzarkideek bozkatzen zuten bitartean. Izan ere, foru arau- egitasmo horrek udalerri berriak sortzeko aukera debekatzen du. Modu horretan, Usansolo Galdakaotik bereizteko prozesua ere errotik moztuko litzatekeela uste dute plataformako kideek. Eta horregatik aurkeztu zuten zuzenketa. Bilduko eta PSE-EEko batzarkideen babesa baino ez dute lortu, ordea.
Plataformaren abokatu Juan Landaren esanetan, bozketa egin aurretik alderdi guztiekin elkartu dira. “Proiektu hori zuzentzea, urteetan jaso dugun eskubidea mantentzea eta negoziazio bidea izatea, besterik ez dugu eskatu. Negoziazioa zeinekin? Galdakaoko Udalarekin”. Usansoloko Batzorde Eragileak negoziatuko luke udalarekin. Foru aldundiaren zeregina izaten da batzordea izendatzea, baina Landak gogoratu duenez, Usansolok jadanik badauka berea, azken udal hauteskundeetako emaitzen arabera osatua. 11 kide ditu eta horietatik zortzi dagozkio Usansolo Herria plataformari, bi EAJri eta bat Bilduri. “Aukeratuta dauden kide horien izendapena foru aldundiak egin behar du; apirilean eskatu genion egiteko, eta oraindik ez digu erantzun”. Behin batzordea izendatuta, negoziazio prozesua bideratzeko moduan egongo lirateke Usansoloko herritarrak.
Gainera, gogoratu dute foru araua onartu arte gaur egungoa dagoela indarrean eta, horren arabera, batzorde eragilea izateko eskubide osoa daukatela. “Gernikan onartzen bada, galduko dugu eskubidea. Baina, bitartean, batzordea eratu egin behar da, eta foru aldundiak ezin du hori oztopatu. Eskubide hori epaitegietan planteatu dugu, eta foru arau berria onartuko balitz ere auzitara joko dugu”, azaldu du Landak. Gainera, halako prozedurak ez direla foru arau bidez erabakitzen iruditzen zaie, negoziazio bidez baizik. Landak dio, Batzar Nagusiek barik, Usansolok eta Galdakaok daukatela prozesuaz eztabaidatzeko eta erabakitzeko eskubidea.
EAJrekin bilera luzea izan zuten. “Entzun gintuzten, baina ez ziguten ezer erantzun. Esan ziguten bilera egiteko zeukatela eta orduan erabakiko zutela zer jarrera hartu. Orain ikusi dugu zer erabaki duten”, azaldu du Landak. Plataformakoek galdetu diete zergatik eusten dioten jarrera horri. Krisi egoeran segregazioak ez direla ontzat ematen erantzun diete. “Baina hori da gauza bat eta beste bat guk herri modura dugun eskubidea”, ohartarazi du.