“Oraindik jendeak ezjakintasun handia du iktusaren inguruan”

Asteon, urriaren 29an, Iktusaren Nazioarteko Eguna izan da. Ezjakintasun handia dago gaixotasun honen inguruan, eta hori bukatzeko, M. Mar Freijok, Basurtuko Ospitaleko iktusaren unitatean lan egiten duen neurologoak, hainbat xehetasun eman dizkio Bizkaiko Hitza-ri.

Zer da iktusa?

Tronbo bat dela eta, arteria bat edo burmuinera odola daraman hodi bat oztopatzen denean gertatzen da iktusa. Hori dela eta, odola ez da eremu jakin batera heltzen, eta hori kaltetuta geratzen da. Zenbat eta denbora gehiago egon zirkulazio gabe, kaltea gero eta handiagoa izango da, eta sendatzeko eta lehengoratzeko zailagoa ere bai; batzuetan, atzerakorik ez duena. Orduan, eremu horrek aurrera eramaten dituen funtzioetan eragiten du; esaterako, hizkuntzarekin harremana duen eremua izanez gero, hitz egiten ahazten da.

Zeintzuk dira iktus bat izateko dauden arrisku faktore nagusiak?

Alde batetik, adina. Batez ere, 65 urtetik gorako pertsonek izaten dute gehiago; hala ere, ehuneko nabarmen bat dago 40 urtetik beherako kasuetan. Bestalde, arteria hipertentsioa, diabetesa, kolesterola, bihotzeko arritmia eta tabakismoa izaten dira ohiko arrisku faktoreak.

Zeintzuk izaten dira iktusaren lehen sintomak?

Bat-batekotasuna da gaixotasun honen bereizgarri nagusia. Momentu batetik bestera, besoa mugitu ezinik geratzen zara, hitz egin ezinik edo esaten dizutena ulertu ezinik.

Zer egin behar da sintoma horietako bat agertuz gero?

Horrelako zerbait gertatuz gero, nahiz eta minutu gutxi batzuk besterik ez iraun, ahalik eta azkarren hurbilen daukazun ospitaleko larrialdi zerbitzuetara joan behar da, edo 112ra deitu. Neurologo batek aztertu behar zaitu, eta hark baieztatuko du iktusa den ala ez, izatekotan tratamendu bat jartzeko. Garrantzitsuena da ahalik eta arinen ikus zaitzaten, sendagaia zenbat eta beranduago jarri, eraginkorra izateko aukera gutxiago dagoelako. Gauza berbera gertatzen da iktusaren unitatearekin: frogatuta dago eraginkorra dela, baina ezinbestekoa da bertan berehala ospitaleratzea.

Beraz, osatzeko aukerak badaude?

Bai. Tratamendu tronbolitikoa dago; horrek arteria oztopatzen ari den tronboa disolbatzen du. Orduan, odola berriz hasten da zirkulatzen, eta burmuineko gune horretara helduko da berriro ere. Ezin itzulizko moduan kaltetu ez den burmuin zatia salba daiteke. Giza funtzioak berreskura daitezke, batzuetan osotasunean, eta partzialki beste batzuetan.

Sei lagunetik batek iktus bat izango du noizbait bere bizitzan…

Gaixotasunaren maiztasuna oso handia da; Euskal Autonomia Erkidegoan, 5.000 iktus kasu izaten dira urtean. Hala ere, jendeak ez du iktusa ezagutzen, ez dago larritasunaren kontzientziarik.

Zer neurri komeni da hartzea, gaixotasun hori saihesteko?

Lehenago esan dudan bezala, batetik, aldatu ezineko faktoreak daude; adina, esaterako. Baina badaude beste gauza batzuk kontrola daitezkeenak, hipertentsiorik, diabetesik, kolesterolik ez dugula kontrolatzea, ez erretzea, bihotzeko arritmiaren bat detektatuz gero tratamendua berehala jasotzea…

Iktusaren Nazioarteko Egunaren harira, antolatu zenuten ezer Basurtuko Ospitalean?

Informazio guneak jarri genituen; iktusaren inguruko informazioa ematen zuten liburuxkak banatu ziren. Bertaratu ziren pertsonen tentsioa ere neurtu genuen. Garrantzitsuena jendea kontzientziatzea da; izan ere, zoritxarrez, pazienteak berandu heldu ohi dira ospitalera. Pasatuko zaien itxaropena dute; ez diete ematen garrantzirik sintomei, eta hori ezinbestekoa da, tratamendua ahalik eta arinen jartzeak asko baldintzatzen duelako sendatze prozesua.

Osakidetzaren webgunearen bidez ere jendea kontzientziatu nahi izan duzue.

Webgunean, Paziente aktiboa atalean, iktusari buruzko informazioa jarri dugu; bai gaixoarentzat, baita ingurukoentzat ere. Alabaina, menpeko bilakatzen zaituen gaixotasuna da.

Baduzue iktusari buruzko ikerketarik abian?

1996an AEBetan medikazioa (tratamendu tronbolitikoa) garatu zuten. Hemen, 2004an onartu zen, baina oraindik gaixotasun ezezaguna da, eta asko dago aurreratzeko arlo honetan. Etengabe ari gara ikertzen, beraz.