Bizkaiko Foru Aldundiak martxan jarri du neguko errepide plana. Atzotik baliabide guztiak prest daude, hotzaldiak, izotza eta elurra noiz iritsiko zain. Giza baliabideak zein baliabide materialak gehitu egin dituztela azaldu du foru aldundiak.
Besteak beste, elurra kentzeko 68 makina daude herrialde historikoko errepideetan, beharrean hasteko prest. Iaz baino bederatzi gehiago dira. Horrez gain, gatza gordetzeko siloak hemezortzi izango dira, eta pilaketa guneak, zazpi. Gatzuna gordetzeko biltegiak, berriz, lau. Izan ere, beste leku batzuk aukeratu dituzte horiek kokatzeko: Otxandion, Lezaman, Balmasedan eta Erletxen biltegi bana eraiki dute.
Orotara, 9.140 tona gatz dauzka foru aldundiak pilatuta, iazko neguan baino 2.000 tona gehiago. Gatzunari dagokionez, 200 metro kubo daude. Azkenik, 327 behargin ibiliko dira makinok gidatzen, gatza banatzen eta garbiketa beharrak egiten.
Errepideen neguko planaren helburua da Bizkaiko Foru Aldundiaren jabetzako errepideetan zerbitzu maila jakin batzuk bermatzea. Horretarako, bidearen garrantzia eta baldintza klimatologikoak hartuko dituzte kontuan. Hala, lehen mailako errepideek 24 orduz egon beharko dute zabalik, asteburuetan barne: maila horretakoak dira A-8 autobidea, Txorierriko igarobidea, Gasteiztik Bilbora arteko N-240 errepidea eta aireporturako, ospitaleetako zein Bilboko porturako sarbideak. Gainerako errepideetan gutxieneko zirkulazioa bermatuko dute, eguraldiak uzten dien neurrian, eta halako errepiderik inoiz blokeatuta ez geratzea izango da helburua.