Gizagune fundazioak eta Portugaleteko Udalak Trazando el diálogo. Herramientas esenciales para el cambio social argitalpena eta bideoa aurkeztu dituzte; bizikidetza eta elkarrizketari buruz gogoeta egiteko lana da. “Mota ezberdineko gatazkak konpontzeko hainbat metodologia jorratu ditugu argitalpenean”, azaldu dute.
Gizagune fundazioa gatazkak eraldatzeko eta bizikidetza eta elkarrizketa sustatzeko sortu zen, eta horren inguruan egiten du behar. Hori horrela, elkarbizitzarako elkarrizketak duen garrantzia nabarmentzen dute lan honetan, eta elkarrizketa bultzatzeko “lanabes kaxa” gisa definitzen da.
Jatorrian Hegoafrikan argitaratu zen gida hau, apartheid-etik demokraziarako trantsizioan, eta geroztik hasitako prozesuak islatzeko asmoz. Nelson Mandelaren Oroimenaren eta Elkarrizketaren Fundazioak elkarrizketa berreskuratzea eta bultzatzea indartu du, batetik, eta, bestetik, kultura demokratiko parte hartzailea eraikitzea izan zuen helburu. 2008ko argitalpen hori eredu hartu, eta gaztelaniara itzuli dute Gizaguneko kideek.
Argitalpenari irudia jarriz
Argitalpenarekin batera, elkarrizketa jorratzen duen bideo bat filmatu dute. Bertan, elkarrizketa hitzak zer pentsarazten dien azaltzen dute hainbat lagunek. Euskal Herriko politika, kirol, arte zein kultura arloko pertsona esanguratsuak dira. Besteak beste, Asier Hormaza aktorea, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Jon Maia bertsolaria, Toti Martinez de Lezea idazlea eta Martin Fiz atleta daude tartean.
Euskal Herriko hainbat udalerritan aurkezten ari da Gizagune fundazioa lan hau. Astelehenean, argitalpena eta bideoa jendaurrean aurkeztu zituzten Portugaleteko Santa Klara kultur etxean; ostean, hizketaldia izan zuten. Argitalpena fundazioaren webgunean dago salgai, eta, oraingoz, euskarri digitalean baino ez dago eskuragarri.
Metodologia ezberdinak ikertzea, programa espezifikoak garatzea eta gizartea gai honen inguruan trebatu eta sentsibilizatzea dira Gizagunek lortu nahi dituen helburuak. Fundazioak gizarte osora heltzeko nahia du, eurek eskaintzen dituzten metodoen bitartez, jendea gatazken kudeaketari buruz informatuta egon dadin.
Gizagune fundazioko kideak jakintza alor ezberdinetatik datozen arren, proiektu komuna daukate esku artean. Izan ere, gatazken kudeaketa eta elkarbizitzaren sustapenaren gaineko masterra sortu dute, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoarekin elkarlanean.