Abesbatzen erakusleiho

Musika korala

Santurtzi

Santurtzi nazioarteko abesbatzen erakusleiho bihurtuta dago egunotan. Hain zuzen, Nazioarteko Abesbatzen 33. Topaketak egiten ari dira bertan. Joan den urriaren 26an hasi eta azaroaren 10era bitartean, kontzertu horien agertoki bihurtu da Gorka Donearen eliza.

Santurtziko Lagun Zaharrak elkarte koralak antolatu ditu topaketa horiek. Serantes kultur aretoaren, hau da, udaleko Kultura Organismo Autonomoaren babesa ere badaukate.

Aurten, Ezkerraldeko koruen amateurtasuna sustatzeko helburuarekin eratu dute programa antolatzaileek. Hain justu, Sestao eta Santurtziko taldeak promozionatu nahi dituzte.

Hala ere, nazioartean ospe handia duten taldeak ere ez dituzte alde batera utzi. Besteak beste, The Rose Ensemble-Saint Paul aipatu dute. 2007an Tolosako lehiaketan lehen saria eskuratu zuen musika sakratuaren kategorian. Bestalde, musika profanoaren bigarren saria eman zieten. Gaur izango da AEBetako koru hori entzuteko aukera.

Bihar, New Dublin Voices Dublingo taldea ariko da. 2009tik 2011ra bitartean hamahiru sari eskuratu dituzte nazioarteko bost lehiaketatan.

20:30ean emango diete hasiera bariku eta zapatuetan ikuskizun horiei. Horiek entzuteko sarrera, gainera, doan da.