2013an 727,7 milioi izango ditu udalak finantzatzeko foru funtsak

Bizkaiko Foru Aldundiak iragarri du Udalkutxak udalen finantzaketarako udal funtsak datorren urtean zenbat diru izango duen. Aurtengo zerga bilketari eta datorren urteko aurreikuspenei buruz Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak emandako datuak ezagututa, Bizkaiko Finantzetako Lurralde Kontseiluak kalkulatu du udalek datorren urtean 727,5 milioi euro izango dituztela. Horrekin batera, aurtengo likidazioa 747,1 milioi eurotan finkatu dute. Hau da, iaz kalkulatutakoa baino 29 milioi gutxiago. Hala, udalek, guztien artean, itzuli egin beharko diote zenbateko hori Bizkaiko Foru Aldundiari.

Beraz, datorren urtean, kalkulatutako likidazioarekin alderatuz 19,6 milioi gutxiago izango dituzte. Eta zerga bilketaren beherakada dela-eta diru gutxiago izateaz gain, aurten behar baino gehiago jaso duten hori bueltatzeko ere, ahalegin berezia egin beharko dute.

Portugalete, laguntza eske

Portugaleteko PPk ezagutzera eman duenez, udalak Eusko Jaurlaritzara jo du laguntza eske. Juan Carlos Castaño zinegotzi popularraren berbetan, Patxi Lopezen gobernuak 10 milioi euroko ez itzultzeko laguntza eman dio Portugaleteko Udalari, “gizarte zerbitzuak bermatu ahal izateko”. Popularrek salatu dutenez, diru laguntza abuztuan adostu zuten, baina hauteskundeak igaro arte itxaron dute, Jaurlaritzak onartu eta ezagutzera emateko.