“Kontsumo kultura nagusi den gizarte honetan, alternatiba gara”

Duela bi aste sortu zen Txirbilenea, Bizkaiko Labe Garaien bulego izandakoetan. Sestaoko Okupazio Mugimenduak jakinarazi du zer erabilera sozial eta kultural emango zaion eraikinari, asteazkenean emandako prentsaurrekoan. Han egon zen Iker Gomez Txirbileneko kidea. Kulturgune alternatibo berriari buruzko gorabeherak kontatu zizkion Bizkaiko Hitza-ri.

Zer gabezia ikusi dituzue herrian eraikin hau okupatzeko?

Euskal Herri osoan bezala, Sestaon ere kontsumo kultura da nagusi, ordaindutakoa. Ezkerraldean ez da ia lanik egin kultura eta aisialdi arloan; dena ordaindu beharra dago. Esaterako, saltoki gune handiak eraiki dituzte. Baina ez dago auzokide zein herri mugimenduentzako beste alternatibarik. Kultura eta aisialdia dohainik eraikitzeko espazio libreak okupatzea da ikusten dugun bide bakarra.

Zein da proiektu horren helburua?

Kulturgune sozial bat eraikitzea, non herri mugimenduak eta auzokideek lekua daukaten, euren dinamika eta aukerak aurrera eramateko. Kulturaren ikusle hutsak izateko hezi gaituzte; ez gara sentitu adierazpen kultural eta artistikoen ez parte eta ez protagonista. Gainera, instituzioek ere ezer gutxi egin dute herritarrei kalitatezko kultura eskaintzeko, eta hori aldatu nahi dugu.

Noiz sortu zen Labe Garaien bulegoa izandakoa okupatzeko ideia?

Buruan aspalditik dugu ideia hori; hala ere, esango nuke orain dela pare bat hilabete hasi ginela forma ematen. Batzar batzuk egin genituen, eta eraikinera duela pare bat aste sartu ginen.

Zer dela-eta eraikin hori?

Batetik, Sestaoko eraikin adierazgarria delako, herri honen eta herritarron iraganaren lekukoa delako; eta etorkizunean ere hala izan dadin lan egingo dugu. Bestetik, ukaezina da kokapen eta espazio aldetik ematen dituen aukerak ezin hobeak direla hainbat motatako proiektuak aurrera ateratzeko.

Norentzat da proiektua?

Gazte zein helduentzat. Batzarretan adin tarte ezberdinetako jendeak hartu du parte. Azken finean, herriarentzat egindako proiektu bat da, herritarren beharrak asetzeko. Ez da gaztetxe bat: okupatutako eraikin bat da, autogestionatua eta kultura gune funtzioa izango duena.

Zer ekintza egiteko asmoa duzue?

Orain eraikina moldatzen eta garbitzen ari gara. Aukera asko daude, eta dinamika mordoa dugu buruan: txikigune bat, herri jangela, herriko musika taldeek entseatzeko lokalak, antzerkiak eta kontzertuak egin ahal izateko lekua egokitu, bilera gelak…

Egon da Sestaon horrelako saiorik lehenago?

Orain dela 25 urte gaztetxe bat egon zen, Ezkerraldeko lehena. Droga kontuak zirela eta, bertan behera geratu zen proiektu hura. Hurrengo saioa duela zazpi urte inguru izan zen. Hutsik zegoen zinema bat okupatu genuen, baina handik egun gutxitara Ertzaintzak hustu egin zuen.

Horrelako proiektu bat aurrera eramateak lan handia dakar. Zer erantzun jaso duzue herritarren aldetik?

Eraikinera sartu ginenetik, jende asko batu da proiektua aurrera eramateko asmoz, eta batzarretara ere adin guztietako sestaoarrak bildu dira.Ostegunean [atzo] auzolan eguna egingo dugu goizeko 10:30etik aurrera, eta espero dugu jende asko etortzea laguntzen, elkar ezagutzen eta parte hartzen. Oraindik lan handia dago egiteko eta!

Siderurgiako Langileen Fundazioakkk eraikin horretan egiten dituzte ikastaroak. Nola konponduko zarete?

Okupatu aurretik eurekin hitz egin genuen, eta dirurik ez dutela esan ziguten; beraz, ez dute ikastarorik egingo. Dena dela, eraikin honek 9.000 metro koadro ditu, eta ez litzateke leku arazorik egongo.

Azken hilabeteotan huste ugari ikusi dira: Uribarriko Patakon gaztetxea, Santutxuko Uztaldi gaztetxea… Zer jarrera espero duzue instituzioen aldetik, hitz egin duzue udaleko arduradunekin?

Egia esan ez dugu instituzioen aldetik ezer espero. Instituzioak kontuan hartu barik sartu gara, eta bakean uztea baino ez dugu nahi. Hasieran, alkateak Ertzaintza bidali nahi izan zuen, gu eraikinetik ateratzeko. Hala ere, proiektua aurkezteko eskatu digu gero, zer egiteko asmoa dugun zehatz-mehatz ondo azaltzeko. Aste honetan bertan, udaletxera joateko deitu digute, beste bilera bat egiteko. Datozen belaunaldiei utzi nahiko genieke herentzian.