Konposta etxean egingo dute Mañaria eta Izurtzako hainbat familiak

Herrietan eta etxeetan sortzen diren hondakinek gero eta kezka handiagoa sortzen dute garaiotan. Ahalik eta zabor gehien birziklatu nahi da, baina, orain arte, material organikoaren alorrean ezer gutxi egin da. Durangaldeko bi herritan, Izurtzan eta Mañarian, konpostatzearekin lotutako esperientzia bat jarriko dute martxan. Hain zuzen, norberak bere etxean konposta egiteko proiektu bat abiatu dute. Eta, arduradunen berbetan, arrakasta izan du herritarren artean.

Mañarian, konposta egiteko hogei aparatu eskaini ditu udalak, eta hogei familia aurkeztu dira horiek jasotzeko. Orain arteko emaitzarekin, beraz, “oso pozik” azaldu da Mari Pui Inzunza Kultura eta Agenda Lokaleko arduraduna.

“Bakoitzak etxean dauzkanhondakinak nola edo hala birziklatzea da helburua”, adierazi du Inzunzak. Esperientzia horretan parte hartu nahi zutenek izena emateko epe bat jarrita egon da, eta eskaintzen zituzten aparatu guztiak hartzeko beste lagun apuntatu dira. “Ikastaro bat ere eman dugu, konpostatzea zelan egin behar duten azaltzeko”, esan du udaleko ordezkariak.

“Orain, konposta egiteko makinak banatzen hasiko gara etxez etxe. Horrez gain, Azterlan enpresak jarraipena egingo du, erabiltzailez erabiltzaile, lehen urtean. Arazorik sortzen den edo jendeak konposta ondo egiten duen aztertuko dute, besteak beste. Baita esperientzia behar bezala ez badoa zelan hobetu ere”, adierazi du.

Konposta, azkarrago

Makina kutxatxo bat da, eta horri buelta emateko tramankulutxo bat ere badaukala azaldu du Mañariko Udaleko Kultura eta Agenda Lokaleko arduradunak. “Konpostatzearen emaitzak ikusteko denbora asko behar denez, jendeak emaitzak azkarrago ikus ditzan —animatzeko modu bat ere izango da hori— prozesua azkartzen duen produktu bat ere emango zaie parte hartzen duten guztiei”.

Birziklatzeko kopuruei dagokienez, helburu zehatzik ez du ezarri udalak. “Zenbakirik ez dugu finkatu. Hori bai, konposta egiteko makinak dituzten etxeetan aztertu egingo dugu lehenago zenbat zabor ateratzen zuten kontainerretara eta konpostatzearen bitartez zenbat gutxitu den”, azaldu du Inzunzak.

Emaitzak zer-nolakoak diren ikusi behar dute oraingoz, baina udalean pozik daude orain arteko erantzunarekin. “Ikastaroan ere jendea oso gustura egon zen, parte hartu zuen; beraz, oraingoz, oso pozik gaude”, adierazi du ordezkariak.

Ikastaroak eta materiala

Mañarian bezala, Izurtzako Udalak ere materia organikoa birziklatzeko esperientzia horren aldeko apustua egin du. Joan den eguaztenean izan ziren Azterlaneko teknikariak udaletxean, batetik, ikastaroak emateko, eta, bestetik, konposta egiteko materiala banatzeko.

Datorren astean jarriko dute martxan proiektua. Horretarako, parte hartuko duten familiei konposta zelan egin behar duten azaldu diete: prozesua zelan gauzatzen den, konposta egiteko makina zelan muntatzen den eta zeintzuk hondakin eta zelan bota behar dituzten aparatu horretara azaldu zieten, besteak beste, batzarrean.

Proiektu horretan parte hartzen duten herritarrek zalantzaren bat baldin badaukate, gainera, telefono zenbaki bat izango dute euren esku, galderak argitzeko.

Azterlaneko teknikariak abenduan eta urtarrilean ariko dira, etxez etxe, konposta zelan egiten duten aztertzen. Zer hobetu daitekeen ere jakinaraziko diete proiektuan parte hartzen duten familiei.

Mañarian zein Izurtzan esperientzia horretan parte hartzen duten herritarrek euren zaborrak jaso eta ongarriak etxean bertan egiteko aukera izango dute, beraz. Proiektua Bizkaiko Foru Aldundiak emandako diru laguntza batekin jarri dute martxan herri bietan.