Espainiako Kontuen Epaitegiaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak ez zien inongo kalterik egin funts publikoei Karrantzan mindak tratatzeko instalazioa eraikitzeko proiekturako bi milioi euroko diru laguntza onartu eta ordaintzeagatik. Hala iragarri du Irene Pardo Nekazaritza foru ahaldunak, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ingurumen eta Nekazaritza Batzordearen aurrean egin duen agerraldian.
Pardoren esanetan, “ez da sortu inolako kontabilitate erantzukizunik, funts publikoei ez baitie ekarri ez eraginik, ezta kalterik ere. Hala esan du epaitegiak, gainera”. Horrez gain, Nekazaritza Sailak azaldu du emandako bi milioi euroko diru laguntzak bueltatzeko eskaera egin duela. Horretarako, 5/2005 foru arauaren 33.1.b artikuluaren babesa duela deritzo foru ahaldunak, “proiektuaren helburuaren atal bat edo berau oso-osorik gauzatu ezean aukera hori jasotzen duelako”.
2007tik bueltaka
Pardok Karrantzako minda plantarekin gertatutakoa ekarri du gogora eguazteneko agerraldian. 2007ko otsailaren 19an Eusko Jaurlaritzak, Karrantza Haraneko Nekazari Elkartuak izeneko elkarte kooperatiboak, Karrantzako Minda S. L. enpresak eta Bizkaiko Foru Aldundiak haraneko hondakin organikoak kudeatu, tratatu eta baloratzeko eta bertako ingurumena leheneratzeko asmoen protokoloa sinatu zuten, herri horretako abereen gorotzen arazoari irtenbide bat emateko asmoz.
Diputatuak zehaztu duenez, Nekazaritza Sailak konpromiso bakarra hartu zuen. Hain justu, aurrekontuan bi milioi euro jarriko zituen udalerrian mindak tratatzeko instalazioa eraikitzeko proiektuaren formula babesteko. Pardoren esanetan, Nekazaritza Batzordeak berak eskatu zion sailari laguntzak emateko izapideak arindu zitzala, premiazkoa zela argudiatuta. Horren aurrean, Nekazaritza Sailak 2008ko abenduaren 8ko Gobernu Kontseiluari proposatu zion bi milioi euroko diru laguntza ematea.
Bi urtean, foru aldundiko Gobernu Kontseiluak erabakitakoaren arabera ordaindu ziren diru laguntzak, Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren. Pardok adierazi du Nekazaritza Sailak, Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuaren bitartez, laguntzaren jarraipena egin zuela. Diru laguntza emateko eta ordaintzeko erabakiaren baldintzak betetzen zirela ondorioztatu zuen organu horrek.
Foru aginduan ezarritakoaren eta Nekazaritza Garatzeko Zerbitzuak egindako azterketaren arabera, egiaztatu da diruz lagundutako inbertsioak gauzatzeko erritmoak ez zuela bermatzen diru laguntzaren helburua beteko zenik. Horrexegatik tramitatu da, orain, laguntzok itzultzeko espedientea.
Bildu eta PP alderdiek eskatuta egin du agerraldia Pardok. Diru laguntzok berreskuratzeko ekin eta ekin egin behar duela adierazi dio foru aldundiari PPko Arturo Aldekoak, eta gehitu du Karrantzan gertatutakoa ezin daitekeela errepikatu.
Bilduk, bestalde, erantzukizuna leporatu dio foru aldundiari. Zenbait pertsona eta enpresaren poltsikoak aberasten lagundu duela leporatu dio Aitor Torrek foru gobernuari. “Kudeaketa txarrak doan ateratzera ohitu gara”, esan du. PSEko bozeramaile Iñaki Egañaren ustez, “eskandalua da” minda plantaren eraikuntzaren gaineko kontrola pertsona bakar baten eskuetan utzi izana.