Jubilatu bi museorako ilaran

Denok gara jubilatu potentzialak domeka arrasti euritsuetan. Gu geu izatez bagara, gizarte segurantzaren arabera, baina hor ilaran zeuden beste guztiak ez ziren ezberdinago. Denok egon ginen, ordu erdi luzez zain. Aterkipean. Esan, zer hoberik dago egiteko arratsalde euritsu batean? Zinema oso garesti dago, eta debalde genuen sarrera.

Ederra da, erakargarria, ingurutik pasatzen den ororen atentzioa deitzen du. Alta, hamabost urte betetzen zituen. Hamabost! Eta denok gonbidatu gintuen bere urtebetetze festara. Hiriburuko erreklamu, agintarien kutixia… hori eta gehiago da Bilboko Guggenheimna. Gainera, tarta bat genuen zain. Izugarria. Zortzi pisukoa. Hiru mila aletan banatua. Hiru mila tartazale… barkatu, arte zalerentzat. Jakineko kontua da, artistak gose direla beti. Artea ikustera doazenak ere bai jakina! Gosea; hori da berba zehatza. Goseak mugitzen du artea.

Gu Egon Schielen obra ikustera gatoz, eta zergatik ez Alain Urrutiarena bide batez. Bertakoa baita, bilbotarra. Geurea. Bata 1890an jaio eta bestea 1981ean. Ehun urteko aldea eta museoak batu ditu. Tira, honetarako ere balio omen du arteak, denbora ez dela alperrik pasa ikusteko; ez bakarrik denborapasarako.

Esaten dute artea asko aldatu dela azken ehun urteotan. Baina artea egitera bultzatzen zaituen grina hori aldatu al da? Nola definitu? Pasioa, sormena, insatisfakzioa? Mundua aldatzeko edo bertan norbere arrastoa lagatzeko grina? Zerk bultzatzen du artista, eta zer bultzatzen gaitu gu ikustera? Goseak, diozu zuk. Agian, ez zaizu arrazoirik falta. Baina ez sabelaren epizentroan dagoenak, ez horrek ez, sabel ertzeko goseak baino. Ezberdinak dira. Guztiz. Bide batez, zer da ba ordu erdiko ilara? Sakrifizio gehiago egingo zituen artistak, guk baino! Aho gozatua hartuko dugu seguru… esan nahi nuen begiekin. Begiekin gozatuko dugu.

Begira, afixa honek dio Egon Schiele 28 urterekin hil zela, gripe espainiarrak jota. Marrazkietan ageri du gaixo zegoela. Gosea pasatzen zuela alajaina. Azala eta hezurra baino ez dute erakusten eta bere auto-erretratuek! Honegatik kartzelaratzea ere, lau ipurdi eta hiru alu erakusteagatik. Gaur egungo artista gazteek hainbeste gauza ulertezin egin beharrean, hobe lukete gorputz gehiago erakutsi beraien arte lanetan.

Eta hara! Hori ez al da Alain Urrutia bera? Hezur eta haragi. Bai bera da, eskuetako gogorguneak bere lagunei erakusten. Argaldu egin da hori ere, ene! Begira begi zulo horiek, tabako beltzaren keak jan duela dirudi. Bere amamak ikusiko balu!

Gosea, horrek ere pasatuko zuen gosea. Tira, egungo gazteek ez dute errez lana topatzen eta bitartean dabilela. Koloretan behintzat ez du gastatzen mutilak, dena zuri beltzean.

Eta tarta zer? Azkenean amaitu egin dela, ezer jan barik bueltatu beharko dugu etxera. Pena! Hainbeste artelan ikusi ostean, gosea sartu zait neuri ere.